Gizartea -
XLVII. gazta lehiaketa
Patxi Lopez de Uralde Larreako (Araba) gaztagileak lortu du garaipena Ordizian
Ondoren, gazta irabazlearen erdia Donostiako Tecnomoto dendako Alberto Fernandezek bereganatu du enkantean, 9.200 euro ordainduta.
Agentzia | Erredakzioa
Patxi Lopez de Uralde Larreako (Araba) gaztagileak lortu du garaipena Ordiziako XLVII. gazta lehiaketan. Karrantzako edo ardi latxen esne gordinarekin produktuak egiten dituzten artzainak lehiatu dira.
Ordiziako Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Lopez de Uraldek 1.633,5 puntu erdietsi ditu lehiaketan. Adur Ezenarro alkateak txapela jantzi dionean “poz ikaragarria” azaldu du irabazleak.
Ondoren, gazta garailearen erdia Donostiako Tecnomoto dendako Alberto Fernandezek bereganatu du enkantean, 9.200 euro ordainduta. Enkantea modu presentzialean egin dute.
Unai Lekuona Araiako artzaina bigarren sailkatu da, 1.630,5 punturekin; Elgoibarko Mausitxa hirugarren, 1629,5 punturekin; Munaiko Zabaleta laugarren, 1.622,5 punturekin; eta Zeanuriko Ipiñaburu bosgarren, 1.612 punturekin.
Aurtengo lehiaketa “salbuespeneko” segurtasun eta higiene neurriekin egin behar izan dutela azaldu du Udalak oharrean; izan ere, ekitaldia ateak itxita egin dute. Horrela, gonbidapena edo akreditazioa zuten pertsonak bakarrik sartu dira.
Guztira, 43 gaztak parte hartu dute lehiaketan, horietako 22 zuriak eta 21 ketuak. Aurreneko bi sailkatuak eta laugarrena produktu ketuak izan dira; Mausitxak eta Ipiñaburuk, ostera, gazta zuriak aurkeztu dituzte.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak bertako ekoizleen produktuak kontsumitzeko eskatu die herritarrei, lehen sektorea bultzatzeko.