Gizartea -
Gasteiz
Gardelegiko zabortegiko bi suteak nahita piztu ote zituzten ikertuko du Fiskaltzak
Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran jazo ziren. Bien artean "antzekotasun asko" zeudela eta, ikerketa egingo zuela iragarri zuen Gasteizko Udalak.
AGentziak | erredakzioa
Arabako Fiskaltzak ekainean eta uztailean Gasteizko Gardelegiko zabortegian piztutako bi suteak eragindakoak izan ote ziren eta, hortaz, delituren bat ote dagoen ikertuko du.
Hiri hondakinak eta hondakin industrialak jasotzen ditu Gardelegiko udal zabortegiak. Suteen ondorioz, ke handia sortu zen, hiriburuko hainbat tokitatik ikusgai zena.
Suteak "hain antzekoak eta denboran hain jarraituak" zirela ikusita, nahita piztutakoak izan ote ziren argitzeko ikerketa agindu zuen uztailean Gasteizko Udalak.
Hain justu, Maria Gutierrez Herritarren Segurtasunerako zinegotziak gaur eman die talde politikoei ikerketaren berri. Atestatuaren sumarioa sekretupean dago, eta Udaltzaingoak Fiskaltzaren esku utzi du jada. Ministerio Fiskalari dagokio suteak zerk edo nork eragin zituen ebaztea, eta delitua zehaztea.
Udal iturrien arabera, suhiltzaileek egindako txostenak "ezin izan du suaren fokua zein izan zen zehaztu".