Gizartea -

Koronabirusa

Elkarte gastronomikoek osasun neurriak betetzen dituzten ikuskatuko dute Donostian

Behin ikuskapena eginda, hutsegiteen berri emango diete elkarteetako zuzendaritza batzordeei, neurriak hobe ditzaten. Osterantzean, isuna jaso lezakete.

Gaztelubide elkarte gastronomikoa, Donostian. EFEren artxiboko irudia
Elkarte gastronomikoek osasun neurriak betetzen dituzten ikuskatuko dute Donostian
Gaztelubide elkarte gastronomikoa, Donostian. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Osasun Publikoan lanean diharduten teknikariek eta Udaltzaingoak hiriko 102 elkarte gastronomiko ikuskatuko dituzte datozen egunetan, COVID-19ari aurre egiteko ezarritako segurtasun eta higiene neurriak betetzen dituzten jakiteko.

Goizean emandako prentsaurrekoan, Enrique Ramos Osasun Publikoko zinegotziak esan du agintariek konfinamendu amaieran ezarritako protokoloa zuzen betetzen ari direla ezagutzea dela asmoa.

"Elkarte guztiek protokoloak agindutako materiala jaso zuten, baita adostutako baldintzak jasotzen dituen txostena ere", adierazi du. Gainera, gogora ekarri du elkarte gastronomikoak txoko pribatuak izan arren ezarritako neurriak bete behar dituztela, arazoak saiheste aldera. Honakoak dira neurriok:

-Ezin dute elkartearen edukieraren erdia gainditu.

-Mahaien arteko distantzia gorde behar dute, baita mahaikideen artekoa ere.

-Sukaldean ezin da lagun-talde bakoitzetik bazkide bat baino gehiago sartu.

-Paperezko mahai-zapiak soilik erabil daitezke, hidrogela izan behar dute eskura eta sukaldeko tresnak 60 gradutik gorako tenperaturan garbitu behar dituzte.

-Bazkideak ezingo dira mahai-jokoetan (kartak eta antzekoak) aritu.

-Elkartean garbiketa sakona egin behar dute, gutxienez hilabetean behin, eguneroko garbiketa-lanak gorabehera.

Behin ikuskapena eginda, hutsegiteen berri emango diete elkarteetako zuzendaritza batzordeei, neurriak hobe ditzaten. Osterantzean, isuna jaso lezakete, eta beharrezkoa izanez gero, elkartea ixtea ere gerta liteke.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Tabernak Koronabirusa