Gizartea -

Eguraldia

Alerta laranja euskal kostaldean eta abisu horiak euriagatik eta haizeagatik

Alex izena jarri dioten depresioak haize-ufada indartsuak ekarriko ditu datozen orduetan Euskal Autonomia Erkidegora (EAE), eta toki askotan nabarmen jaitsiko dira termometroak.

Egun euritsua Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Egun euritsua Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Egun euritsua Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du ostiral eta larunbat honetarako nabigaziorako arriskuagatik. Horrez gain, bi abisu hori ezarriko ditu, euriagatik eta haize-ufada indartsuengatik, udazkeneko bigarren denboralea eragingo duen depresio bat Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) gertu baitago.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jakitera eman duenez, Alex izena jarri dioten depresioak "neguan edo udazken bukaeran ohikoagoak diren tenperaturak" ekarriko ditu. Ildo horretatik, haize-ufada indartsuak eragingo ditu, eta toki askotan nabarmen jaitsiko dira termometroak.

Tenperatura maximoak 12-16 ºC artean kokatuko dira, eta baliteke ostiral honetan bertan elurra ikustea, lehen aldiz udazken honetan, 1.400 edo 1.500 metroko alueran.

Segurtasun Sailak nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik ezarri du alerta laranja, kostaldeko lehen bi milietan. Zehazki, ostiral honetako 21:00etatik larunbateko 24:00etara egongo da indarrean. Gainera, denboraleak marea biziekin bat egiten duenez, Euskadi abisu horian egongo da ostiraleko 17:00etatik larunbateko gauerdira arte, kostaldeko inpaktuagatik, 5-7 metro inguruko olatuak espero baitira.

Horrez gain, ostiraleko 12:00etatik larunbateko 12:00etara beste abisu bat ezarri du Segurtasun Sailak Kantauri isurialdean, batez ere kostaldean, prezipitazio iraunkorrengatik. Izan ere, metro koadroko 50 eta 60 litro artean pilatuko dira 24 ordutan. Zaparrada ugari eta noizbehinka trumoitsuak espero dira, eta baliteke ostiral gauean are nabarmenagoak izatea.

Ostiral gauean, gainera, beste abisu bat ezarriko dute haizeagatik, eta larunbat eguerdira arte egongo da indarrean. Mendebaldeko haize-ufadek orduko 100 kilometroko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, eta orduko 80 kilometrokoa haizeguneetatik kanpo.

Segurtasun Sailak ohartarazi duenez, "Depresioak azken ibilbidean izango duen ziurgabetasuna dela eta, baliteke aurreikusitako abisu horietako batzuk alerta laranjetara aldatzea ordu-tarte jakin batzuetan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Ingurumena Udazkena