Gizartea -

MANIFESTAZIOA, BILBON

SATSE: "Murrizketen ondorioak modurik gordinenean agerrarazi ditu COVID-19ak"

Kalera aterako dira gaur osasungintzako langileak, "honaino" iritsi direla esatera. Baliabideak jarri ezean, neguan sortuko diren zailtasunei aurre egitea ezinezkoa izango dela uste dute.

Argazkia: SATSE.
SATSEko ordezkariak, protestan.
Argazkia: SATSE.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Muturreko egoeran" daudela diote osasun-langileek, "ahituta". COVID-19ak azken urteotan Osakidetzan ezarri diren "murrizketa politiken" ondorioak agerrarazi dituela salatu dute,  "modurik gordinenean" agerrarazi ere. Eguneroko "lan-kargari karga emozionala" gehitu zaiola eta egoera "jasangaitza" dela esatera aterako dira gaur kalera. Langile gehiago kontratatzeko, baldintzak hobetzeko eta osasun zerbitzuak ez pribatizatzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari, besteak beste. Finean, Europako Batasunera begiratu, eta osasungintzan diru gehiago inbertitzeko.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, osasungintzako langileek manifestazioa egingo dute 12:00etan Bilbon. Eskariak ez dira berriak, baina  "egoeraren gordintasunaren aurrean", elkar hartuta, Osasun Sailari mezu zuzena igorri nahi diote: "Honaino iritsi gara". 

Maitena Larrañaga SATSE Euskadi Erizainen Sindikatuaren ordezkaria da Mendaroko Ospitalean. Bere hitzetan, "murrizketek" eraman dute egoera muturreraino, eta osasungintza publikora bideratzen den "diru kopuruan dago gakoa".  Horregatik, Europako Batasuneko herrialde aurreratuenen pareko inbertsioa exijitzen dute sindikatuek. Erizainen kopuruari dagokionez, esaterako, Europako batez bestekoaren ia bi puntu azpitik dago EAE.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetako erizainen egoerari buruz SATSEk egindako azterketa batean jasotzen denez, Europan 1.000 biztanleko 8,8 erizain daude, eta  EAEn, 7,1.  Kopuru hori are gehiago jaisten da Osakidetzaren zentroetan, 4,8raino. Hala, "pazienteek behar bezalako arreta jaso ahal izateko, gutxienez 1.600 erizain gehiago" behar dituela ondorioztatu dute txostenean.

"Osakidetza kalitatezko osasun zerbitzutzat" daukagula azpimarratu du Larrañagak, baina "azken urteotan hartutako erabaki okerren ondorioak erakutsi dute zein den gure sistemaren egungo egoera".  Hala nola, "bajak eta erretiroak ez dira behar bezala ordezkatu", eta horren guztiaren "ondorio zuzena" orain ari gara pairatzen. "COVID-19ak erakutsi digu ez garela gai horrelako egoera bati aurre egiteko", gaineratu du.

Osakidetzarekin, "harremanik ez"

Lehendik ere gaiztotuta zeuden Osakidetzaren eta sindikatuen arteko hartu-emanak, orain, pandemiarekin, "are gehiago garraztuta daude", SATSEko ordezkariaren arabera, "ez dago harremanik apenas".  Martxotik hona "bileraren bat" egin dute bi aldeek,  "baina bilera informatiboa izan da, COVID-19aren inguruan hartutako erabakien berri emateko, eta ez negoziatzeko".

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez duela "elkarrizketarako eta negoziaziorako borondaterik" nabarmendu du Larrañagak. "Ez da oraingo kontua", zehaztu du.  Koronabirusa agertu aurretik deitu izan diren mahai sektorialak "informazio mahaiak" bilakatu direla esan du, eta ez negoziazioko espazioak. "Mahai horietan informatu bakarrik egiten gaitu Osakidetzak, bere erabakiak helarazi. Guk gure eskariak kontuan hartuko dituen gune bat nahi dugu".

Gotzone Sagardui Osasun sailburu izendatu berriaren biltzeko deia jaso duten arren,  "haratago" joatea nahi dute sindikatuek eta "egiazko ekintzak" ikusi nahi dituzte mahai gainean.

Hutsunerik handiena,  Lehen Arretan

Osasun zentroetako ertz guztiak astindu ditu COVID-19ak, baina Lehen Arreta da "gehien sufritzen ari dena".  Hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen dute Osasungintzara bideratutako partida EBkoaren batez bestekoarekin parekatzea, eta hortik % 25 lehen arretarako izatea.

Baliabiderik jarri ezean, neguari aurre egiteko "zailtasun ikaragarriak" izango dira.

"Kezkatuta", urteko "garairik zailena" izaten denari, aurten, pandemia gehitu behar zaiolako.

"Hain da handia Lehen Arretako profesionalen lan-karga, hainbat lan erabat utzita daudela. Adibidez, gaixo kronikoei eskaintzen zaien atentzioa. Eta horrek beste ondorio bat dakar denborarekin: gaixo kroniko horien egoerak okerrera egiten duenean, ospitaleetako larrialdi zerbitzura jotzen dute, eta hor beste kolapso bat sortzen da. Adibidez, erietxeetan, hainbatetan, erizain bakar batek 20 gaixoren jarraipena egin behar du", gaineratu du Larrañagak.   

Negua ate-joka dugun honetan, kezkatuta agertu da SATSEko kidea,  urteko "garairik zailena" izaten denari, aurten, pandemia gehitu behar zaiolako. Baliabiderik jarri ezean, etorriko denari aurre egiteko "zailtasun ikaragarriak" izango dituztela esan du.

Erizain asko eta asko "oporrik gabe eta atsedenik hartu gabe" daudela azaldu du Larragañak, eta azpimarra berezia jarri du PCRak egiten dituzten profesionalen baldintzetan: "kasu gehienetan karpetan edo estalpetan ari dira lanean. Udan sekulako beroa jasan dute, eta, orain neguan, kontrakoa. Hotzari aurre egiteko jantziak eskatu ditugu, polarrak, eta  leku batzuetan ezezkoa jaso dugu".

Egoera honek guztiak itxaron zerrendak asko luzatzea eta, ondorioz,  herritarrek  "osasun zerbitzu pribatuetara" jo behar izatea ekarri duela ere nabarmendu du: "osasun publikoa pribatizatzeko beste modu bat da hori, ezkutuko pribatizazioa deritzona".

Mobilizazioak

Udako etenaldiaren ondoren,  irailaren 18an berrekin zieten osasungintzako profesionalek protestei. Elkarretaratzeak egin dituzte osasun zentroen atarietan, eta gaurko manifestazioarekin marra gorriraino heldu direla esango diote Jaurlaritzari.

Negoziatzeko eta elkarrizketarako borondate osoa dutela agertu nahi diote Osakidetzari, eta, hortaz, "haien esku dago guk mobilizazioekin jarraitzea edo ez".

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Gizartea bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak Manifestazioak Euskal sindikatuak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako ospitalea Langile Komisioak UGT Langileen Batasun Orokorra Txagorritxu Ospitalea albisteak COVIDaren agerraldiak gaur Munduko Osasun Erakundearen albisteak ESK sindikatua gaur