Gizartea -
ELKARRIZKETA
"Ez-jaietako" istiluak "gertaera isolatuak" izan direla dio Aguraingo alkateak
Ernesto Sainz Lanchares alkateak azaldu duenez, Aguraingo Alde Zaharrean 200 bat pertsona elkartu baziren ere, herritarren portaera orokorrean bestelakoa izan da.
RADIO VITORIA | ERREDAKZIOA
"Gertaera larria da, baina puntuala eta isolatua, eta ez dio erantzuten bizilagunen jokabideari". Horixe da Ernesto Sainz Lanchares (EAJ) Aguraingo alkateak egin duen balorazioa, asteburuan udalerriko "ez-jaietan" istiluak izan ostean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Agurainen bi pertsona atxilotu zituzten larunbatetik iganderako goizaldean, 01:30 aldera inguruan. Zaintza lanak egiten ari ziren patruilek jendetza ikusi zuten, 200 pertsona inguru, Alde Zaharrean. Herriko jaiak bertan behera utzi behar izan dituzte pandemiagatik, baina gazteek festa ospatzeko asmoa zuten.
COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriak errespetatzen ari ez zirela egiaztatu ostean, jende multzoa desegiteko eskatu zieten megafonia bidez.
Une horretan, talde bat botilak eta beste objektu batzuk botatzen hasi zen, eta ertzain bat zauritu zuten. Istilu horietan parte hartu zutenetako bi gazte identifikatu eta atxilotu egin zituzten, desordena publikoa eta ertzainei eraso egitea egotzita.
Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan, Aguraingo alkateak ez dio gertatutakoari garrantzirik kendu nahi izan, eta oso larritzat jo ditu gertakariak, baina auzotar eta ostalari gehienen portaerari balioa eman nahi izan dio: "10eko jarrera izan dute". Ernesto Saenzek gaineratu duenez, Aguraingoak inguruko azken "ez-jaiak" dira.
Jatorrizko informazioa Radio Vitoriak landu eta eitb.eus-ek itzuli du