Publizitatea
Itxi

2020/10/12

18:10

Gizartea

Diru-laguntzak

Zaintzaileak kontratatzeko diru-laguntzak luzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak

Agentziak | Erredakzioa

Hain zuzen ere, adin txikikoek 14 urte izan arte luzatuko ditu laguntza horiek. Horrela, COVID-19ak eragindako gaur egungo egoera sozialari erantzun nahi dio.

1:11
Umeak, kalean. Irudia: EiTB
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan jakitera eman duenez, adin txikikoek 14 urte izan arte luzatuko ditu zaintzaileak kontratatzeko diru-laguntzak. Neurri hori, 2020ko irailaren 1eko atzeraeraginez onartuko da. Orain arte, 0 eta 3 urte arteko adin txikikoen kasuan eska zitezkeen laguntza horiek.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak azaldu duenez, neurri horrek COVID-19ak eragindako gaur egungo egoera sozialari erantzun nahi dio; izan ere, koronabirusak eskolaz kanpoko jarduerak eta jantokien edukierak murriztea eragin du, eta ikasgelen konfinamenduek ziurgabetasuna eragin dute. Horrez gain, familiak ordezkatzen dituzten elkarteen eskaerei erantzun nahi zaie.

Aurten, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 8.500 familia baino gehiagok jaso dituzte dagoeneko kontziliaziorako Familia Politikako Zuzendaritzaren diru-laguntzak.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, laguntza-lerro arruntek –aurreko urteetatik finkatuak– "harrera ona" izan dute 2020an, baina aurten martxan jarritako bi linea berrien kasuan hasieran aurreikusitakoa baino eskaera gutxiago izan dituzte, besteak beste, aldi baterako ezarritako lan erregulazio espedienteek eragin handia izan dutelako.

Nolanahi ere, jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimenak parekatzeko eszedentziarako laguntzak 2021aren amaierara arte eska daitezke.

Zehazki, orain arte, 293 eskaera aurkeztu dira eszedentziarako laguntza-lerrora, jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimenak parekatzeko, eta dagoeneko 121 ebatzi dira. Eskaera horietatik 28 Araban aurkeztu dira, 87 Gipuzkoan eta 178 Bizkaian.

2019an jaiotako umeen gurasoen eskaeren batez besteko eszedentzia-aldia 50,79 egunekoa izan zen (gehienez 56 egun lagundu daitezke diruz), eta 2020an jaiotako umeen kasuan 27,41 egunekoa (gehienez 28 egun lagundu daitezke diruz).

Zenbatekoei dagokienez, orain arte ordaindutako laguntzen batez besteko zenbatekoa 4.198,88 eurokoa izan da eskaera bakoitzeko. 2019an jaiotako adingabeen gurasoei dagozkien laguntzen batez bestekoa 4.633,11 eurokoa izan da, eta 2020an jaiotako adingabeen gurasoei dagozkien laguntzen batez bestekoa, berriz, 2.947,35 eurokoa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena