Gizartea -

Koronabirusa

EAEko erresidentzietan beste hiru erabiltzaile hil dira azken orduetan

Bizkaiko Foru Aldundiak dispositibo berezia jarriko du martxan asteazken honetan Abanto-Zierbenan, Meatzaldeko zentro soziosanitarioetako profesionalei prebentziozko behaketa egiteko.

Gurpildun-aulki bat, zahar-etxe batean. Artxiboko argazkia: EFE
Gurpildun-aulki bat, zahar-etxe batean.
Gurpildun-aulki bat, zahar-etxe batean. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko zahar-etxe sarean beste hiru erabiltzaile hil dira azken orduotan, bana Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Bizkaiko zahar-etxe bateko egoiliar bat hil da azken orduetan COVID-19aren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak astearte honetan jakitera eman duenez.

Ohar batean azaldu duenez, 48 egoiliarrek eman dute positibo koronabirusa atzemateko probetan. Ildo horretatik, egoitza horietako 16 erabiltzaile ospitaleratu dituzte koronabirusaren eraginez, eta COVID-19an positibo eman zuten 1.944 egoiliar dagoeneko sendatu dira; horietako 6 azken orduetan.

Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, gaur egun ondorengo 6 egoitza hauetan daude gaixotutako egoiliarrak: Leioa Laguntza Zentroa (31), Marcelo Gangoiti-Muskiz (6), Aspaldiko-Portugalete (6), Zorrozgoiti-Bilbao (3), Albiz Santiago Llanos-Sestao (1) eta Zuetxe-Bakio (1),

Halaber, zentro horietako 65 langile kutsatu dira, eta gaitza atzemateko probaren emaitzen zain dauden beste 54 langile isolamenduan daude.

Bizkaiko Foru Aldundiak dispositibo berezia jarriko du martxan asteazken honetan Abanto-Zierbenan, Meatzaldeko adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen 13 zentro soziosanitarioetako (egoitza-zentroak eta eguneko arretarako zentroak) profesionalei prebentziozko behaketa egiteko.

Erantzun azkarreko foru taldeak Gallartako frontoian egondo dira, Udalak Foru Aldundiaren esku utzi dituen instalazioetan. Guztira, 434 langile deitu dituzte PCR probak egiteko.

Horrez gain, une honetan 54 egoiliar daude koronabirus bidezko infekzio-kasuak artatzea helburu duen Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuan. Pertsona horietatik, 31 egoitza-zentroen sareko erabiltzaileak dira, eta 23 zaurtasun-egoeran dauden pertsonak, zeinak koarentenan dauden ospitaleratuta egon ondoren.

Urriaren 12an, Bizkaian adinekoentzako baimendutako 155 egoitzako sarean 10.748 plaza zeuden.

Gipuzkoa

Bergarako (Gipuzkoa) Mizpirualde zentroan bizi zen pertsona nagusi bat hil da azken orduetan positibo eman ostean. Bestalde, adinekoen egoitzetan egiten diren PCR probek ez dute positibo berririk eman.

Gaur egun, bost dira COVID-19aren kasu aktiboak dituzten adinekoen egoitzak: Santa Maria Magdalena Hernanin (8), Jesusen Bihotza Errenterian (3), Alai-Etxe Donostian (23), Mizpirualde Bergaran (13) eta La Paz Donostian (1).

Guztira, 48 kasu aktibo daude adinekoentzako egoitzetako erabiltzaileen artean, 55ek gaixotasuna gainditu dute dagoeneko, eta 33 hil dira abuztuaren 11n bigarren olatuko lehen positiboa atzeman zutenetik.

Gipuzkoako egoitza-sareak 65 zentro eta 5.425 plaza ditu adinekoei arreta emateko, eta Aldundiak lurraldeko zentro guztietan egiten jarraitzen duen prebentzio-lanean, azken astean soilik, 4.626 PCR proba egin ditu DYArekin lankidetzan (2.074 egoiliarrei eta 2.552 langileei). Uztailaz geroztik, Aldundiak eta DYAk guztira 23.874 proba egin dituzte.

Araba

Adinekoentzako Florida Etxea Gasteizko etxebizitza komunitario pribatuaren erabiltzaile bat hil da azken orduetan koronabirusarekin, ospitalean zegoela.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak Txagorritxuko eguneko zentroa itxi du. Zentro horretako bi erabiltzailek eta beste hainbeste langilek positibo eman zuten, eta horregatik itxi dute.

Gainerako erabiltzaileak, 20 bat, PCR proben zain daude, langile guztiak bezala. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia Euskadiko adinekoak