Gizartea -

Koronabirusa

Urola Garaia eta Goierrirekin bilduko da gaur Osasun Saila, egoera aztertzeko

Topaketak COVID-19ak eragindako egoera aztertu eta neurriak adostea du helburu. "Egoerarik kezkagarriena Gipuzkoakoa" dela onartu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

Goierri (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: Lazaro Gonzalez Ramos
Goierri (Gipuzkoa).
Goierri (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: Lazaro Gonzalez Ramos

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila Goierri eta Urola Garaia eskualdeetako ordezkariekin bilduko da gaur, ostirala, COVID-19ak eragindako egoera aztertu eta neurriak hartzeko.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ostegun honetan eman du bilera telematiko horren berri, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Horren harira, Sagarduik esan du Beasaingo Txindoki institutuko 700 bat ikasleri egingo dietela gaitza atzemateko proba.

Osasun sailburuak azaldu duenez, "egoerarik kezkagarriena Gipuzkoakoa" da, orain arte egindako proben positibotasun tasan EAEko batez bestekoa (% 5,5) gainditzen baitu. Testuinguru horretan kokatu du Goierriko eta Urola Garaiko alkateekin egingo duen bilera, "egoera aztertu eta guztion artean prebentzio neurriak adosteko".

Gaur egun indarrean dauden neurri murriztaileen egokitasunari dagokionez, une honetan EAEko jatetxe, ikastetxe, lantoki zein familia edo lagun taldeetan ez direla 10 pertsona baino gehiago bildu behar gogorarazi du, baina neurriak "bete" egin behar direla azpimarratu du.

Hala, senideen arteko bilerak murrizteko aukerari dagokionez, "datuek esango dute neurri gehiago hartu behar diren ala ez", adierazi du. Horrenbestez, koronabirusari aurre egiteko, indarrean dauden arauak betetzeko konpromisoa eskatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Goierriko albisteak