Gizartea -

Konfinamendu perimetrala

Nafarroako Gobernua: "Gure eskumenen barruan muturreraino iritsi gara"

Javier Remirez Lehendakaritza kontseilariak espero du epaileek neurri murriztaileak babestea, eta, egin ezean, Espainiako Gobernuarekin "berme juridikoa" topatzen saiatuko direla aurreratu du.

Remirez, aurretik egindako agerraldi batean. Argazkia: EFE
Remirez, aurretik egindako agerraldi batean.
Remirez, aurretik egindako agerraldi batean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erkidegoan koronabirusaren hedapena geldiarazteko iragarritako neurriek, konfinamendu perimetrala eta ostalaritzaren itxiera, besteak beste, auzitegien babesa izatea espero du Nafarroako Gobernuak.

Horren ildoan, Javier Remirez Nafarroako lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak aitortu du Nafarroako Gobernua bere eskumenen barruan "muturreraino" iritsi dela neurriok hartzeko orduan.

Dena dela, justiziak agindua atzera botako balu (hala gertatu zen duela gutxi Madrilen), "berme juridikoa" topatzen saiatuko direla azaldu du Remirezek, eta horren harira, bihar Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako ordezkariekin duen bileran erabakiren bat egon daitekeela iradoki du.

Nafarroako Gobernuak ostiralerako espero du Nafarroako Auzitegi Nagusiaren erantzuna. Neurri murriztaileak bezperan, ostegunean, sartuko dira indarrean, Maria Chivite Nafarroako lehendakariak atzo iragarri zuenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Espainiako Gobernua Espainia bideoak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Osasun albisteak Tabernak María Chivite Koronabirusa