Gizartea -
Indarkeria matxista
Gasteizen emakume bati labanaz eraso egin zion gizona atxilotu dute Burlatan
Erasotzailea 22 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da 2002an emaztea hil zuelako Atarrabian, baina hirugarren graduarekin kalean zegoen.
EITB.EUS
Joan den larunbatean gizon batek bikotekideari labanaz eraso egin zion Gasteizen, 12 urteko alabaren aurrean, eta ondoren ihesean joan zen.
Biktima ospitalean dago, zauri larriak ditu, baina haren bizia arriskutik kanpo dago.
Erasotzailea (Jesus G.P.) gaur, 14:00 inguruan, atxilotu dute Burlatako establezimendu batean. Atxiloketa Iruñeko Udaltzaingoak burutu du eta haien esku dagoela jakinarazi du EFE agentziak iturri polizialak aipatuta.
Atxilotuak indarkeria matxistagatik aurrekari penalak ditu eta hirugarren graduarekin zegoen kalean: 2003an 22 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten urtebete lehenago bere emaztea hil zuelako Atarrabiako autobus geltoki batean.