Itxi

Gizartea

EUSKARALDIA

Euskaraldiak 25.000 arigune baino gehiago sortu ditu 6.737 entitateren babesarekin

EITB.EUS

Euskaraldiaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da eta bi berrikuntza izango ditu: Ipar Euskal Herrira zabalduko da eta 25.000 arigune baino gehiago sortuko dira.

  • Euskaraldiaren prentsaurrekoan egon diren antolatzaileak.

    Euskaraldiaren prentsaurrekoan egon diren antolatzaileak. Argazkia: Euskaraldia

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldian izena emateko epea abian da. Antolatzaileek bigarren edizio honek Ipar Euskal Herrian izango duen zabalkundearen berri eta Euskal Herri osoan horretan parte hartuko duten herri eta erakundeen datuak eman dituzte prentsaurrekoan.

Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Euskaraldiaren bigarren edizioa izaten ari den zabalkundea azpimarratu dute. Ariguneen sorrerak Euskaraldiari aukera berriak zabaldu dizkiola adierazi eta kanpo ariguneen bidez euskarak Ipar Euskal Herriko kaleetan presentzia handiagoa izan ahalko duela azpimarratu dute.

Milaka arigune

Bi datu nabarmendu dituzte antolatzaileek. Batetik, 2018ko lehen edizioan baino udalerri gehiagotan egingo dela aurtengo Euskaraldia; guztira 421 udalerritan sortu dira Euskaraldia batzordeak. Bestetik, aurtengo edizioko berrikuntza nagusia ariguneak izango direla azaldu dute, euskaraz aritzeko entitate ezberdinek sortutako espazioak.

Euskal Herri osoan zehar, 25.000 arigune baino gehiago sortu dira 6.737 entitatek dituzten 8.174 egoitzetan ariguneak sortzeko prozesuan. Ariguneen banaketa nahiko parekatua izan da: horien % 52 barne ariguneak izango dira eta % 48, berriz, kanpo ariguneak. Entitateei dagokienez, era guztietako enpresa, saltoki, elkarte eta erakundeak izan dira izena eman dutenak.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak beharrezkotzat jo du ariguneak eratzeko urratsa; izan ere, “ariguneei esker, arnasgune naturalak eratuko ditugu ariketa sozial hau babes handiagorekin egiteko”.

Bi datu horiek oso positiboki baloratu dituzte antolatzaileek. COVID-19ak eragindako egoeran herrietan batzordeak martxan jartzea eta entitateekin lan egitea oso zaila izan dela azaldu dute, baina euskararentzako eremuak irabazteko borondatea dagoela eta urratsak emateko prest dauden herritar eta eragileak daudela ikusi dutela azpimarratu dute.

Nola parte hartu?

Hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararen erabilera handitzea helburu duen ariketan izena emateko epea irailaren 24an abiatu zen eta azaroaren 19ra arte egongo da zabalik. Aurrekoan bezala, parte-hartzaileek belarriprest edo ahobizi roletako bat aukeratzeko aukera izango dute. Euskara ulertu eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dutenak dira belarriprest, ulertzen duten guztiekin une oro euskaraz hitz egin ez arren. Ahobiziak, berriz, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz arituko direnak dira.

Egindako agerraldia parte hartzera animatzeko baliatu dute antolatzaileek. 2018ko edizioan parte hartu zuten guztiak berriz parte hartzera eta edozein arrazoirengatik lehen edizioan parte hartu ezin zutenak lehen aldiz parte hartzera deitu dituzte. Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak “herritar eta euskaltzale guztiei inguruko lagunak, senideak edo lankideak aktibatzeko” eskatu die.

Euskaraldian parte hartzeko baldintzak aurreko edizioko berdinak direla esan dute. 16 urtetik gorakoek eta, gutxienez, euskara ulertzeko gaitasuna dutenek eman dezakete izena bertan. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrepausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahalko dute hiru modutara: euskaraldia.eus webgunean, herrietako batzordeek jarriko dituzten informazio gune eta mahaietan eta jadanik eskuragarri dagoen telefono mugikorretarako aplikazioan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena