Gizartea -
ERASOA
Autobus-gidari baten aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea, Donostian
LABen arabera, "zoritxarrez" ohikoak dira "gidarien aurkako erasoak, mehatxuak eta irainak". Horregatik, segurtasun neurriak "behingoz aplikatzeko" eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekila-ko enpresa batzordeak elkarretaratzea egingo du gaur Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, iragan larunbatean Gros auzoan izandako erasoa salatu eta Ekialdebuseko autobus-gidariari babesa adierazteko.
Erasoa larunbatean izan zen, 22:00ak aldera, Donostiako Gros auzoan, autobusa geltokira iritsi eta bidaiari bat autobusetik jaisten saiatu zenean. Atea, baina, ez zen irekitzen. Hainbat saiakera egin ostean, gidariak atea irekitzea lortu zuen, baina bidaiariak, "oso haserre eta irain eta oihu artean, gidariak COVID-19tik babesteko duen manpara jo zuen", LAB sindikatutik jakinarazi dutenaren arabera.
LABen esanetan, "zoritxarrez" ohikoak dira "gidarien aurkako erasoak, mehatxuak eta irainak", eta gogorarazi du abuztuan babes-neurriak eskatu zizkietela Gipuzkoako Foru Aldundiari eta enpresari, baina biek "entzungor" egin zietela salatu du.