Gizartea -

EUSKARALDIA

Ia 70.000 lagunek eman dute izena orain arte Euskaraldian parte hartzeko

Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea azaroaren 19an amaituko da

Azaroaren 19an bukatuko da izena emateko epea. Argazkia: Euskaraldia.
Antolatzaileek aurreko prentsaurrekoan
Azaroaren 19an bukatuko da izena emateko epea. Argazkia: Euskaraldia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia 70.000 lagunek eman dute izena orain arte azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko. Azaroaren 19ra arte dago epea ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta ariketa sozialean izena emateko, Euskaraldiko arduradunek gogorarazi dutenez.

Hiru aste barru abiatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta azaroaren 20tik abenduaren 3ra euskara "gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" erabiltzeko deia egin dute beste behin ekimenaren antolatzaileek.

"Herritarrek beraien hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egin eta ahobizi edo belarriprest rola hautatuta inertziak apurtu eta euskararen erabileran urratsak emateko gonbitea" egin dute.

Euskaraldia "testuinguru berezian" datorrela adierazi dute antolatzaileek, COVID-19ak eragindako egoerak baldintzatuta. Hala ere, Euskaraldiaren helburua parte hartzaileen hizkuntza ohituretan eragitea eta bakoitzaren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea dela kontuan hartuta, antolatzaileek ariketan parte hartzera animatu nahi izan dituzte euskara ulertzeko eta euskaraz aritzeko gai diren herritarrak.

Horrela, bakoitzak bere inguruko harreman sareetan (etxean, lanean, komertziotan, lagunartean edo internet bidezko harremanetan), hizkuntza praktikak aztertu eta euskara gehiago erabiltzeko aukera baliatu eta ariketan parte hartzeko deia egin dute Euskaraldiaren sustatzaileek.

Irailaren 24an zabaldu zen Euskaraldian ahobizi edo belarriprest modura izena emateko epea, eta dagoeneko Euskal Herriko lurralde guztietako ia 70.000 herritarrek eman dute izena. Izena eman dutenen artean % 20ak ez zuen lehen edizioan parte hartu.

BIDEOA: "Ahobizi eta Belarriprest moduan gure hizkuntza ohiturak aldatzea da oinarria" 

"Ahobizi eta Belarriprest moduan gure hizkuntza ohiturak aldatzea da oinarria"
"Ahobizi eta Belarriprest moduan gure hizkuntza ohiturak aldatzea da oinarria"
"Ahobizi eta Belarriprest moduan gure hizkuntza ohiturak aldatzea da oinarria"

4:21

Izen-ematea

Izen-ematea azaroaren 19ra bitarte dago zabalik, eta hiru bide daude: www.euskaraldia.eus webgunearen bidez, herriz herri Euskaraldia batzordeak antolatzen ari diren informazio eta izen-emate guneetan, eta sakelako telefonoetarako sortu den aplikazioaren bidez (Android zein IOS sistemadun gailuetarako).

Egoera erraza izan ez arren, herriz herri lanean ari den boluntario eta eragile sarea zabala da. Guztira 421 udalerritan ari dira herri batzordeak antolaketa lanetan, eta Euskaraldiaren sustatzaileek sare horretan parte hartzen ari diren milaka lagunen lana eskertu dute.

Era berean, 6.737 entitatetan sortu diren 25.000tik gora ariguneen ahalegina ere azpimarratu nahi izan dute Euskaraldiaren koordinazio mahaiko eragileek. Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten entitate hauek guztiek beraien barne zein kanpo funtzionamenduan euskaraz aritzeko sortu, identifikatu eta babesteko apustua egin dute, eta horrek oinarri garrantzitsua emango die azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldian parte hartuko duten milaka ahobizi eta belarriprestei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Biarritz argazkiak Maule Donibane Garazi bideoak Hendaia Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Euskaraldia Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea