Gizartea -

ABELTZAINTZA

Gipuzkoak mingain urdinaren aurkako protokoloa abiatu du, bi kasu identifikatu ostean

Protokoloak abereak lekualdatzean murrizketak eta nahitaezko txertaketa-kanpaina bat abian jartzeko derrigortasuna ezartzen ditu. Foru Aldundiak bere gain hartuko ditu gastu guztiak.

Euskal abeltzaintza. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Euskal abeltzaintza.
Euskal abeltzaintza. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak mingain urdinaren gaixotasunaren aurkako protokoloa aktibatu du, Aiako (Gipuzkoa) abeltzaintzako ustiategi batean bi kasu identifikatu ostean. Horrela, protokoloari jarraituz, Foru Aldundia lanean ari da Bizkaiko eta Arabako Aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, gaixotasun horren aurkako neurriak ezartzeko. Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasak nabarmendu duenez, Aldundiak berehala aterako ditu foru aginduak “animalien osasuna bermatzeko protokoloak aurreikusten dituen neurri guztiak ezartzeko”.

Gaixotasunaren osasun-protokoloak animaliak lekualdatzean murrizketak ezartzen ditu, eta baita derrigorrezko txertaketa kanpaina martxan jartzea ere. Horrez gain, txertaketa eraginkorra izan bitartean, animaliak mugitu ahal izateko desintsektatzeak eta PCR kontrolak egingo zaizkie.

Gipuzkoako lurralde osoan izango dute eragina neurri hauek, eta Foru Aldundiak txertaketa kanpainaren zein osasun kontrolaren gastu guztiak bere gain hartuko ditu. Txertaketa-kanpainak bizpahiru aste irautea aurreikusten da, eta orduan kenduko dira animaliak garraiatzeko murrizketak. Foru arduradunek harremanak izan dituzte jada lurraldeko lehen sektoreko eragileekin, hartuko diren neurri guztien berri emateko.

Bizkaiko Foru Aldundiak ere erabaki du neurriak hartzea, eta, prebentzioz, lurraldeko behi- eta ardi-azienda guztiak txertatuko ditu, eta txertaketa-kanpainaren kostu osoa bere gain hartuko du. Horrela, "gainerako jarduera ekonomikoak bezala, koronabirusak sortutako krisiaren eragina jasaten ari den sektore batek" kalte gehiago izatea ekidin nahi du.

Gaixotasuna

Mingain Urdina gaixotasun birikoa da, animalia hausnarkari domestikoei zein basatiei eragiten diena. Intsektuen bidez transmititzen da, nagusiki eltxo-espezie jakin batzuen ziztadaren bidez; Culicoides generoko eltxoak, hain zuzen. Gaixotasunak sintoma hauek ditu: sukarra, hemorragiak eta ultzerazioa aho- eta sudur-ehunean, gehiegizko listu-jariatzea, beherako ugaria, abortuak, gorakoa, pneumonia eta ahultasuna. Ez du inolako eraginik gizakiengan, eta, beraz, ez du inolako arriskurik eragiten osasun publikoarentzat.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Animaliak Abeltzaintza