Gizartea -

URTEMUGA

Bilboko metroak 25 urte bete ditu, 1.800 milioi bidaia baino gehiago egin ondoren

Metroak 1.800 milioi bidaia baino gehiago izan ditu 25 urteotan eta 99.000.000 kilometro egin ditu. Gainera, 573 milioi euro bildu ditu euskal ogasunentzat.

Bilboko metroa. EFEren artxiboko irudia.
Bilboko metroa.
Bilboko Metroak, 25 urte

1:17

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, azaroak 11, Metro Bilbaok 25 urte betetzen ditu. Ospakizunetan dago, hortaz, Bilboko metroa, eta horren erakusle dira urrian zehar erabiltzaileek bidalitako zorion-mezu guztiak. Egunotan ikusgai daude Metro Bilbaoren geltokietako publizitate-euskarrietan.

Unai Rementeria ahaldun nagusi eta Metro Bilbaoko presidenteak Metro Bilbaorekin bere konpromisoa agertu du, gaur goizean Ansioko geltokian martxan jarri zenetik 25 urte bete direla ospatzeko egin den ekitaldi nagusian. "1995eko azaroaren 11n bizitza aldatu zigun. Bizkaia aldatu zigun. Eta metro bat aurretik jarri ginen gauza guztietan. Garraio publikoan, modernitatean, aukera-berdintasunean eta bizi-kalitatean ", esan du Rementeriak.

Ekitaldian, ahaldun nagusiak azpiegitura martxan jartzeko ikuspegia izan zutenentzat eta gaur egun egunero funtzionatzen jarraitzen dutenentzat esker oneko hitzak izan ditu . "Eskerrak eman nahi dizkiet amestu zutenei eta egia bihurtu zutenei. Eta honen funtzionamendua ahalbidetzen dutenei eta metroa egunero erabiltzen dutenei, baita bultzatu, eraiki eta mantendu zuten erakundeei ere", adierazi du.

Halaber, Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendariak metroak egunero milaka erabiltzaileren bizi-kalitatean duen eragina azpimarratu du.

25 urte igaro dira metroak bere lehen bidaia egin zuenetik. Ordutik, 1.800 milioi bidaia baino gehiago eta 99.000.000 kilometro egin ditu. Belaunaldi oso batentzat, metroa betidanik dago Bilbon, baina gaur bezalako egun batean, 1995eko azaroaren 11n, milaka eta milaka bizkaitarren bizitza aldatu duen azpiegitura bat jarri zen martxan.

Gaur egun, Bilbo eta Bizkaia ez dira ulertzen metrorik gabe, eta metropoli-eremuko herri eta hiri askok beren eraldaketa propioa hasi ahal izan dute garraiobide horri esker; Barakaldok eta Basaurik, esaterako.

Erabiltzaileen balorazio positiboa

Inauguratu zenetik, metroak erabiltzaileak erakartzeko gaitasuna izan du, eta, gaur egun, Bizkaiko garraio publiko erabilienetako bat da, bidaiarien % 52 baino gehiago garraiobide horretan mugitzen baitira duela hamarkada batetik.

43,28 kilometroko ibilbidea eta 42 geltoki dituela, Bilbo Handiko 14 udalerriren arteko lotura errazten du. Metro Bilbao herritarren mugikortasunerako "ezinbesteko" garraiobide bihurtu da Bilboko metropoli-eremuan.

Hainbat erabiltzaile Bilboko metroan. Artxiboko irudia: EFE

Berriki egindako azterlan batek erakutsi duenez, erabiltzaileek metroaren balorazio oso positiboa egin dute martxan jarri zenetik, eta balorazio onena 2019an egin zuten (8,3). Gainera, ikerketa horren arabera, Bilboko metroa garraiobide publiko onenetako bat da, "azkartasunagatik, maiztasunagatik, erosotasunagatik, puntualtasunagatik, garbitasunagatik eta segurtasunagatik".

Ekitaldi askoren agertokia

Urte hauetan guztietan, artista handien erakusketa ugari hartu ditu Bilboko metroak. Gaur egun, metroko geltokietan "COVID-19: begirada bat barrutik" erakusketa ikusteko aukera dute erabiltzaileek, Bizkaiko Medikuen Elkargoak bere elkargokideei, osasun-langileei eta pazienteei egindako omenaldia, COVID-19ari aurre egiteko orduan duten profesionaltasunagatik, ahaleginagatik eta elkartasunagatik.

Irudiak Ruben Natividad mediku eta argazkilariak egin ditu. Erakusketa osatzen duten 14 panelek 26 argazki erakusten dituzte, eta koronabirusaren pandemian lanean aritu diren osasun-langileen eta pazienteen errealitatea islatzen dute.

25 urte hauetan, Bilboko metroa zinemaren agertoki ere bihurtu da hainbat aldiz, eta publizitate-iragarki asko ere grabatu dira bertan.

Egunotan, gainera, 25. urtemuga dela eta, Metro Bilbaok jaso dituen erabiltzaileen zorion-mezuak daude ikusgai. Metro Bilbaoren geltokietako publizitate-euskarrietan ikus daitezke azaroaren lehen hamabostaldian.

Bilboko metroak 2.600 lanpostu ditu

Duela 25 urte martxan jarri zenetik, Metro Bilbaok 4.934 milioi euroko ekarpena egin du eta zuzeneko nahiz zeharkako 2.600 lanpostu mantentzen lagundu du urtero.

Eneko Arruabarrena zuzendariaren arabera, metroak "funtsezko" ekarpena egin die Bizkaiari eta EAEri, 1. eta 2. lineetan, eraikitzeko eta ustiatzeko lanekin lotuta, 1987a eta 2019a bitartean 5.244 milioi euroko gastua izan baitu. Horren % 87 baino gehiago EAEn geratu da (% 74, Bizkaian).

Gainera, metroaren jarduerari esker, ogasun publikoek 573 milioi euro bildu dituzte (% 64 eraikuntzagatik eta % 36 ustiapenagatik).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Metro Bilbao Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak