Gizartea -
Bizkaia
Marihuana plantazio bat desegin dute Bermeoko pisu batean, ikastetxe batetik gertu
43 urteko bermeotar batek 137 landare zituen etxebizitza horretan. Ertzaintzak haren aurkako eginbideak hasi ditu, droga-trafiko delitua egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak marihuana plantazio bat desegin du Bermeoko etxebizitza batean, ikastetxe batetik hurbil. Guztira, 137 landare zituen etxebizitza barruan Bizkaiko udalerri horretako bizilagun batek. Agenteek haren aurkako eginbideak hasi dituzte, droga-trafiko delitua leporatuta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Iragan astean, aipatu ikastetxetik abisua jaso zuen Ertzaintzak, bertako langileek marihuana usaina hartzen baitzuten eskolako jolastokian.
Behin hara helduta, ertzainek erauzgailu baten hodia ikusi zuten gertuko eraikin bateko leihoaren kanpoaldean, eta berehala jakin zuten handik zetorrela usaina.
Gernikako ertzain-etxetik etxebizitza horretara sartzeko baimena eskatu zuten, orduan.
Azkenean, azaroaren 13an, zenbait agente pisu horretan sartu ziren, eta 137 landare aurkitu zituzten, baita horien laborerako beharrezkoa den material guztia ere: lanparak, haizagailuak, transformadoreak eta ureztatze-sistemarako materiala, besteak beste.
Gainera, landare horren jabeak (43 urteko bermeotarra) konexio elektriko ilegal bat zeukan eginda, energia eskuratu ahal izateko. Ertzaintzak haren aurkako ikerketa abiatu du, droga-trafikoagatik.