Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Arreta telefonoak indarkeria matxistaren 2269 biktima artatu ditu 2020an

Urkullu lehendakariak SATEVIren egoitzara bisita egin du. Indarkeria matxista "gizarte osoaren arazo" gisa deskribatu du.

Iñigo Urkullu lehendakaria SATEVIren egoitzan. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Iñigo Urkullu lehendakaria SATEVIren egoitzan. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Iñigo Urkullu lehendakaria SATEVIren egoitzan. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020an, gaur arte, 2269 dei jaso ditu indarkeria matxistaren biktimak artatzeko telefonoak (900 840 111), beste horrenbeste emakume biktimei dagozkienak; 1247k, gutxienez, seme edo alaba bat dute kargura, eta 1022 ez dira ama. Deien % 55,31 Bizkaitik egin ziren (1255), % 26,70 Gipuzkoatik (606), % 15,64 Arabatik (355) eta % 2,88 autonomia-erkidegotik kanpokoak izan ziren (53).

Dei horien % 74,10 emakumeek beraiek egin zituzten (1681); % 19,56 beren inguruneko pertsonek egin zituzten (444), eta % 6,34, profesionalek (41).

Konfinamendu-aldia dela eta -martxoaren 15etik ekainaren 21era bitartean-, guztira 798 dei jaso ziren; haietatik, % 74,88 biktimek beraiek egin zituzten (596). % 18,59 beren inguruneko pertsonek egin zituzten (148), eta % 6,53, profesionalek (52).

Deien % 53,76 Bizkaitik egin ziren (429), % 29,45 Gipuzkoatik (2335), % 13,91 Arabatik (11) eta % 2,88 autonomia-erkidegotik kanpokoak izan ziren (23).

SATEVI Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du telefono-zerbitzu hau berehalakoa, anonimoa, konfidentziala eta doakoa dela, eta ez duela telefonoaren fakturan arrastorik uzten.

900 840 111 telefonoan profesionalek ematen dute arreta, psikologoek, hezitzaileek eta gizarte-langileek, nagusiki, eta horiek etengabe ari dira prestakuntza jasotzen: emakumeen aurkako indarkeriaren eta berdintasunaren arloan ez ezik, arreta integralerako ezinbesteko diziplina guztietan ere: zuzenbidea, atzerritartasuna edo psikologia, besteak beste.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuarekin batera, indarkeria matxista “gizarte osoaren arazo” gisa deskribatu du. “Mezu bat bidaltzen diegu indarkeria jasaten duten emakume guztiei, eskaintzen ditugun baliabide eta zerbitzuetan konfiantza izateko. Gobernu honek entzun egin nahi ditu”.

Urkullu: "Gobernu honentzat, lehentasuna du emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeak"

Bisitaldian, Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuarekin, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarekin, Izaskun Landaida Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarekin eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin batera, besteak beste, aurrez aurre ezagutu ditu 2020ko 900 840 111 telefonoaren zenbait datu.

Lehendakariak gizarte osoari bidali nahi izan dio bere mezua, “erne egon dadin indarkeria jasaten egon daitezkeen emakumeekin”. “Gobernu honentzat, lehentasuna du emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeak. Gure konpromisoa da zerbitzu eta baliabideak sustatzea, gure indar guztiekin posible egiteko”, esan du, SATEVIren (indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko telefonoa, 900 840 111) egoitzara egin duen bisitan. 

Hori horrela, Urkullu lehendakariak berdintasunerako legea aldatzeko oraintsuko onespena dela eta, honako hau esan du: “Aukera emango digu berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko herrialdeko ituna sustatzeko”.

“Gaur, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei prebentzioa eta arreta emateko baliabideak areagotzeko konpromisoa berresten dugu”, esan du, eta Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak pasa den hilabetean Eusko Legebiltzarrean eginiko iragarpena aipatu du. 

Modu berean, Iñigo Urkulluk “gure aurrekontuak prestatzeko genero-ikuspegi integrala” ere iragarri du.

SATEVIk berrikuntza bat martxan jarri du, entzuteko desgaitasuna edo hitz egiteko zailtasunak dituzten emakumeei irisgarritasun handiagoa eskaintzeko. Berrikuntza hori posible izan da Euskadi Euskal Gorrak federazioaren elkarlanari esker.

Online mekanismoa da; entzuteko edota hitz egiteko desgaitasuna duten pertsonei aukera ematen die zerbitzua jasotzeko, zeinu-hizkuntzako interpreteek artatutako bideointerpretazioko kanal baten bidez. Interprete horiek harremanetan daude emakumeei arreta emateko telefonoan lan egiten duten profesionalekin, eta itzultzaile-lanetan jardun ohi dute; une oro gordetzen da deitzen duten pertsonen konfidentzialtasuna eta anonimatua.

Mekanismo hori, telefono propioa bezala, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez dago erabilgarri. Gainera, SATEVIk 51 hizkuntza hitz egiten duten emakumeei ematen die arreta.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa