Gizartea -

KORONABIRUSA

Aurrez aurreko hezkuntza eten dute Trokoizko Geroa Eskolan, Araban

Waldorf metodologian oinarrituta, ikastetxeak lerro bakarra du Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan. Gasteiztik 10 kilometrora dago.

Motxilak EAEko ikastetxe batean. EFEren artxiboko irudia.
Motxilak EAEko ikastetxe batean.
Motxilak EAEko ikastetxe batean. EFEren artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irakaskuntza presentziala bertan behera utzi da astelehen honetan Geroa Eskola itunpeko ikastetxe pribatuan, Trokoizen (Araba), COVID-19 kasuak agertu direlako.

Hezkuntza Sailak baieztatu duenez, osasun irizpideen arabera hartu dute erabakia, Eusko Jaurlaritzak onartutako osasun gomendioei eta pandemiari aurre egiteko protokoloei jarraituz.

Ikastetxe honek Waldorf metodologiarekin irakasten du, eta lerro bakarra du Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan. Gasteiztik 10 kilometrora dago eta garraio zerbitzua dute. Ikastetxeko zuzendaritzak ez du inolako adierazpen edo zehaztapenik egin nahi izan aurrez aurreko jarduera bertan behera uztearen inguruan.

Zentroko ia ikasle guztiek egon beharko dute isolatuta, birusaren transmisioa "nahikoa handia" izan delako, Osakidetzak baieztatu duenez.

Ignacio Garitano Osakidetzaren Kontrol eta Zaintza Programako koordinatzaileak jakinarazi du ikerketa bat ireki dutela zentroan gertatu dena argitzeko. Aurreko irailean ere ikertu zuten zentroa, ez zituelako ikasleak musukoa eramatera behartzen.

Oraindik kutsatuen kopuru zehatza zabaldu ez badute ere, Garitanok esan du "ia ikasgela guztietan" dagoela koronabirusarekin kutsatutako ikasleren bat.

Osakidetzaren ordezkariak esan du zentro "barruan" gertatu dela transmisioa, eta "nahikoa handia" izan dela. Ondorioz, "ia ikasle guztiak" egon omen dira koronabirusa duen norbaitengandik gertu.

Kutsatutako ikasleen eta horien harreman estuen isolamenduak "ezinezko" egiten omen du aurrez aurreko eskolak ematea, Osakidetzako arduradunaren arabera.

Eskolen egoera

Hezkuntza Sailak eguerdian eguneratuko ditu datuak, baina joan den ostiralean 148 gela itxi zituzten COVID-19 kasuengatik, ostegunean baino 24 gehiago, hau da, % 0,84. Ikasgelen itxierak EAEko 97 ikastetxeri eragin zien, alegia, 13 gehiagori, eta une horretan ez zegoen bakar bat ere erabat itxita.

Azaroaren hasieran Eibarko Azitango Andre Mariaren Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuak ere bertan behera utzi behar izan zuen bere jarduera, pandemiaren ondorioz; lehena, ikasturte honen hasieran, irailaren hasieran, hainbat ikastetxe egoera horretan egon ondoren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea Medikuen albisteak Erizaintza Koronabirusaren olatua gaur