Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Donostian emakume bat zauritu zuen gizona, epailearen aurrera noiz eramango zain
Labankada bat emanda, larri zauritu zuen bikotekidea asteartean. Ordutik, atxilotuta dago, hilketa saiakera eta genero-indarkeria egotzita.
EITB.EUS
Labankada bat emanda, Donostiako Gros auzoko pentsio batean bikotekidea larri zauritu zuen 52 urteko gizona datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera, aurreikusitakoaren arabera.
Atxilotuak ez du delitu-aurrekaririk, ezta genero-indarkeriagatiko espedienterik ere, eta polizia-etxean dago, hilketa saiakera eta genero-indarkeria egotzita.
Ezbeharra 05:00ak aldera gertatu zen, asteartean, Iztueta kaleko ostatu batean, Gros auzoan, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Bizilagun batek Udaltzaingoari jakinarazi zion liskar bat zegoela ostatu publikoan, eta berehala patruila bat bertaratu zen. Agenteek, eraikineko solairu bateko eskailera-buruan, gizon bat aurkitu zuten emakume bat igogailura arrastaka eramaten. Biak odolez beteta zeuden, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez.
Ondoren, gunea ikertzen aritu ziren ertzainek sukaldeko aizto bat aurkitu zuten, ustez erasoan erabilitako arma.
Biktima, nikaraguarra, Donostia Ospitalera eraman zuten anbulantzian, lepoan gutxienez bi labankadak eragindako zauriak zituela, baina ez dago arriskuan, Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Atxilotua venezuelarra da, eta ertzain-etxean dago atxilotuta.
Eudelek eraso matxista gaitzetsi du
Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Euskal Udalen Elkarteko (Eudel) presidenteak gogor gaitzetsi du, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, gaur goizaldean Donostian izandako eraso matxista, eta indarkeria matxistaren aurkako borrokak "lehentasuna" izan behar duela azpimarratu du.
Hala, Eudeleko presidenteak babes eta elkartasun osoa agertu dio elkartearen aldetik erasoa jasan duen emakumeari, eta "irmotasunez" gaitzetsi du indarkeria matxista, Emakumeen aurkako Indarkeria Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan gertatua.
Gainera, Eudelek manifestu instituzional bat argitaratuko duela esan du, eta bertan "indarkeria matxistaren aurkako borrokak lehentasuna" izan behar duela planteatzen du, eta erakunde publikoek "ahal dituzten baliabide guztiak" proposatu behar dituztela horrelako kasuak berriro gerta ez daitezen.