Gizartea -
BARAKALDO
Gorpuzkien bila jarraituko dute asteburuan Arrontegi mendian
Ertzaintzak gorpuzkiak aurkitu zituen ostegunean Barakaldoko Arrontegi mendian. Hipotesi nagusiaren arabera, uztailean desagertu zen gizonezko bat izan daiteke biktima.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak asteburuan jarraituko du Arrontegi mendian gorpuzki gehiago bilatzeko lanekin. Atzo goizean, Barakaldon uztailetik falta den gizon baten desagertzea ikertzen ari zirela, gorpuzkiak aurkitu zituzten Barakaldoko inguru horretan.
Ertzaintzak ostiral honetako lehen orduan ekin zion berriro bilaketari, ostegun honetan hilotz baten arrastoak aurkitu ondoren sastraka artean, etxebizitzetatik gertu dagoen Arrontegi mendiko eremu batean, kriminalitate-zantzuak erakutsi dituen ikerketa baten baitan.
Ertzaintzako agenteek egun osoan jarraitu zuten ingurua miatzen, baina ez zuten gorpuzki berririk aurkitu, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
Arratsaldeko azken orduan polizia-dispositiboa altxatu zuten, eta bilaketa-lanek asteburuan ere jarraituko dutela aurreikusi dute, aipatu iturrien arabera.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez, "itxura guztien arabera", aurkitutako gorpuzkiak uztailetik Barakaldon falta den gizonarenak dira eta gertaturikoa "indarkeriazko heriotza bat edo hilketa bat" izan da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ikerketa horren baitan, ertzainek beste bilaketa bat egin zuten eta aipatutako gorpuzkiak aurkitu zituzten. Antza denez, kriminalitate zantzuak dituzte agertutako gorpuzkiek. Iturri horren arabera, "jauzi kualitatibo" bat eman dute ikerketaren baitan.
Eusko Legebiltzarraren atarian hedabideei egindako adierazpenetan, aurreratu du aurkitutako gorpuzkiak uztailetik falta den pertsonarenak izan daitezkeela, baina ezin dela ezer baieztatu auzitegi medikuek azterketa egin arte.
BIDEOA | Gorpu baten bi hanka topatu dituzte Barakaldon