Gizartea -

EPAIKETA

Lantaronen emaztea hil zuen gizonak damua agertu eta barkamena eskatu du

Fiskaltzak eta akusazioek 25 urteko kartzela-zigorra eskatu dute, azpikeriaz eta ankerkeriaz egindako hilketa egotzita. Hilketa matxista 2017ko urriaren 3an gertatu zen.

Lantaronen emaztea hil zuen gizona epaiketan. Argazkia: EFE
Lantaronen emaztea hil zuen gizona epaiketan.
2017an, Lantaronen, Ana Belen Jimenez hil zuen gizonaren aurkako epaiketa hasi da

1:9

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da Arabako Lantaron herrian duela hiru urte emaztea hil zuen gizonaren aurkako epaiketa. Akusazioek 25 urteko kartzela zigorra eskatzen dute auzipetuarentzat, azpikeriaz eta ankerkeriaz egindako hilketa leporatuta.

Pandemia garaian, zinpekoen epaimahaiarekin Arabako Lurralde Auzitegian egiten den lehen epaiketa da gaurkoa. 09:30etan osatu dute epaimahaia eta, ondoren, Agustin H.B. akusatuak deklaratu du.

Gizonak aitortu egin du emaztea kolpeka hil zuela, damututa dagoela azpimarratu du eta biktimaren seme-alabei barkamena eskatu diela ziurtatu du.

Fiskaltzak, bi akusazio partikularrek (biktimaren familia eta Arabako Diputazioa) eta herri akusazioak (Clara Campoamor elkartea) 25 urteko kartzela zigorra eskatu dute akusatuarentzat, hilketa azpikeriaz eta ankerkeriaz egin zuela egotzita, senidetasun larrigarria kontuan hartuta eta eraso matxista izan zela zehaztuta.

25 urteko kartzela zigorra ez ezik, bi seme-alabentzako 240.000 euroko kalte-ordaina eta biktimaren hiru anaia-arrebentzat 60.000 eurokoa eskatu du.

Defentsak 15 urteko kartzela zigorra eskatu du berarentzat, emaztea azpikeriaz hil zuela aitortu duelako, baina genero eta ankerkeria larritasunak kentzeko galdegin du. Halaber, aitorpena eta hilketa burutzeko erabili zuen arma Poliziari entregatu izana aringarritzat hartzeko eskatu du.

Horrez gain, defentsako abokatuak nabarmendu du akusatuak barkamena eskatu diela seme-alabei eta beren ondasun guztiak eman dituela kalte-ordainak ordaindu ahal izateko.

Akusatuak bere abokatuaren galderak soilik erantzun ditu. Berretsi egin du Ana Belen Jimenez 2017ko urriaren 3n hil zuela, familiaren etxebizitzan, mailu batekin buruan hainbat aldiz jota.

Esan du seme-alabei hainbat aldiz eskatu diela barkamena eta egindakoaz damututa dagoela ziurtatu du. Biktimaren senideei barkamena eskatzeko hitza hartzea eskatu du, baina epaimahaiko presidenteak ezetz esan dio, epaiketaren azken egunean horretarako aukera izango duela gogoratuta.  

Krimen matxista

Fiskaltzaren idatziaren arabera, senarrak ez zuen onartu emaztearen dibortzio asmoa eta Ana Belen Jimenez (45 urte) hiltzea erabaki zuen.

Urriaren 3an, familiak Turison (Lantaron, Araba) duen etxebizitzan, akusatuak mailu batekin kolpatu zuen emakumea buruaren atzealdean, lurrean konorterik gabe utziz.

Defendatzeko aukerarik ez bazuen ere, emakumeari buruan kolpeak ematen jarraitu zuen. Hilotzak 12 kolpe zituen buruan.

Ondoren, eta "aurreko egunetan prestatu zuen planari jarraituz", gorpua autoan sartu eta Miranda Ebroraino eraman zuen. Han, aparkatuta utzi zuen.

Egun hartan bertan, Miranda Ebroko bizilagun batek aurkitu zuen hilotza, auto barruan. Akusatua, ostera, Gasteizko Mercedeseko lantokian atxilotu zuten. Hilketa aitortu zuen eta geroztik behin-behineko espetxealdian dago.

Gaurko saioaren ondotik, beste zazpi saio egingo dituzte abenduan zehar: 1ean, 2an, 3an, 4an, 9an, 10ean eta 11n.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Indarkeria matxista Araba EAE Epaiketak Gizartea Genero indarkeriaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Gaubea