Gizartea -
Klima
Azken 20 urteetako azarorik beroena izan du Euskadik 2020an
Pilatutako prezipitazio kopurua ez da batez besteko balioen % 50era heldu. Goierri, Tolosa eta Enkarterria izan dira prezipitazio gutxien jaso dituzten inguruak, aurreikusitakoaren % 20 baino ez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bukatu berri den azaroa "oso beroa" eta XXI. mendeko lehorrena izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Izan ere, hilabete horretan pilatutako prezipitazio kopurua ez da batez besteko balioen % 50era heldu.
Goierri, Tolosa eta Enkarterria izan dira prezipitazio gutxien jaso dituzten inguruak, aurreikusitakoaren % 20 baino ez. Soilik Arabako eta Gipuzkoa ipar-ekialdeko estazio gutxi batzuetan bota du aurten 2007an baino euri gehiago. Egun euritsuak, baina, oso gutxi izan dira: hiru besterik ez isurialde mediterraneoan eta 5-8 artean Kantauri isurialdean.
Prezipitazio kopururik handienak, aldiz, Gipuzkoako ipar-ekialdean (Añarbe eta Miramon) jaso dituzte.
Tenperaturei dagokionez, 2020ko azaroa "oso beroa" izan da Kantauri isurialdean eta "beroa" isurialde mediterraneoan. Batez besteko tenperatura 13,5-14,5 gradukoa izan da kostaldean eta 9 gradukoa Arabako Lautadan.
Azaroan, beraz, egun beroak izan dira nagusi, eta lehenengo bi egunetan kostaldean tenperatura maximoak 25 gradutik gorakoak izan ziren (Oletan 28 gradu hilaren 2an). Airearen egonkortasunari esker, hainbat gauetan izotza bota du (Subilla -4 gradu eta Espejo -3,9 gradu. hilaren 22an).
Intsolazioa ere % 50 handiagoa izan da EAEn; salbuespena, Arabako Errioxa, non eguzki orduak batez bestekotik gertuago ibili diren.
Azkenik, Segurtasun Sailak 12 abisu hori eman ditu azaroan: lau haizeagatik, hiruna kostaldeko inpaktuagatik eta izotzagatik, eta bana nabigaziorako olatuengatik eta enbata arriskuagatik.