Gizartea -

KORONABIRUSA

Gabonetako loteriaren salmenta % 20 eta 50 artean jaitsi da Hegoaldean, pandemiagatik

Administrazioek egoera honen aurrean duten kezka azaldu digute eta zozketaren aurreko azken txanpan salmenta kopurua hobetzea espero dute.

Herritarrek Gabonetako loteria erosteko ilara egiten dute. Argazkia: EFE
Herritarrek Gabonetako loteria erosteko ilara egiten dute.
Herritarrek Gabonetako loteria erosteko ilara egiten dute. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko loteriaren salmentak ere jasan ditu pandemiaren ondorioak. Zozketa handia egiteko aste batzuk falta direnean, EAEko loteria-administrazioek gutxienez % 20 eta % 50 arteko jaitsiera aurreikusten dute salmentetan, eta ostalaritzaren itxierak eta mugikortasun murrizketek dezimoen salmentan duten eragin negatiboa azpimarratu dute.

Tradizionalki loteria dezimoen zati handi bat saldu izan duten taberna, jatetxe, elkarte eta abarren itxiera salmenten beherakadaren arrazoi nagusietako bat da. Ivan Etxebarria Bilboko Ormaechea administrazioko langilearen hitzetan, horien bidez egiten den salmenta "izugarri jaitsi da, % 50 baino gehiago".

Iruñeko 4. loteria-administrazioko Asunción Daguerrek ere nabarmendu du loteria partizipazioen bidez saltzen zuten taberna eta establezimenduen itxieraren eragina. Horren esanetan, krisi ekonomikoa dela eta, jende askok ezin du dezimo oso bat erosi, eta, beraz, aurten partizipazioek garrantzi berezia zuten. "Partizipazioak bi pertsonaren artean erosten dituzte, beti da eskuragarriagoa, eta, noski, aurten, azkenean, jende askok ezin izan du bietako bat ere egin. Ez partizipaziorik erosi tabernak itxita egoteagatik, ezta dezimoa erosi ere, erosteko ahalmena ez baita berdina aurten", azaldu du.

Urrian indarrean jarritako mugikortasun murrizketak dira loteriaren salmentak behera egitearen beste arrazoietako bat. Etxebarriaren hitzetan, bere kasuan, murrizketa horiei aurre egiteko, administrazioa loteria mezularitza zerbitzuen bidez bidaltzen eta Internet bidez saltzen ari da.

Ildo beretik jo du Susana Taboada Donostiako 8. loteria-administrazioaren ordezkariak ere, turista kopuruaren jaitsierak salmenten beherakadan izan duen eragina azpimarratu baitu. Administrazio horretako langilearen arabera, gune turistiko batean kokatuta daudenez, asko nabaritu dute turisten beherakada (ibilaldiak ere gutxiago izan omen dira).

Salmenten datu horiek ez datoz bat Loterias y Apuestas del Estado Estatuko Elkarteak iragarritako aurreikuspenekin, bi autonomia-erkidegoetan biztanleko batez besteko gastua handitzea espero baitzuen. Horren arabera, EAEn herritar bakoitzeko gastua 77,09 eurokoa izango da (2019an 71,05 eurokoa izan zen) eta Nafarroan 55,19 eurokoa (iaz 54,58 eurokoa izan zen).

Azken txanparako itxaropena

Loteria-administrazioen kudeatzaileak itxaropentsu daude, eta zozketaren aurreko 10-15 egunetan salmentak handitzea espero dute. Salmentek gora egin ohi dute azken egunetan, eta aurten "are gehiago haztea" espero dute.

Taboadarentzat, Gabonetako loteria salmenta distantzia luzeko lasterketa baten modukoa da; "agian azken esprinta ona izango da" eta "deskalabrua ez da hain larria izango", gaineratu du.

Cristina Garciak, Bilboko Azcarreta administrazioko langileak, abenduko zubiaren ondoren salmentak handitzea espero du. "Mugikortasuna pixka bat irekitzea" eta beste herrietako pertsonek dezimoak erosteko aukera izatea espero du. Bezeroek "asko deitzen digute eta etortzeko zain daude", esan du.

Gasteizko Olagibel kaleko administrazioko Ainhoa Fernandezen ustez, azken egunetan "mugimendu apur bat gehiago" egongo da. Fernandezen arabera, "zozketaren aurreko azken bultzadan" jendea gehiago animatzen da eta beti geratzen dira "azken ordurako" uzten duten pertsonak. Gainera, tabernak irekitzea eta dezimoak saltzea espero du, horrela "pixka bat gehiago nabarituko delako, baina, tira, ez du zerikusirik beste urteekin".

Daguerre, bere aldetik, zuhurrago agertu da. Abenduaren hasiera ona izan dela onartu du, "jende asko izan dugu", baina nahiago du gertakariei aurrea ez hartu, ez baitaki zer gertatuko den. Zozketa egin aurretik salmentek hobera egingo dutela esatea "oso zentzuzkoa" dela uste du, eta "bi egun daramatzagu jende asko izaten".

Loteria-administrazioek aldi baterako lan erregulazioko espedientea ireki behar izan zuten langile askorentzat lehen alarma-egoeran, zozketak bertan behera utzi eta, ondorioz, salmentak eten zituztelako. Konfinamenduko hilabeteetan, administrazioak itxita egon ziren, eta deseskalatze-fasean eta ondorengo hilabeteetan salmentak abiatu zituzten berriro, baina "jaitsiera" izan da, aurreko urteko datuekin alderatuta.

Salmenta zifra “etsigarriak”

Estatuan, Loteria Administratzaileen Elkarte Probintzialen Elkarte Nazionalaren arabera, "oso egoera kezkagarria" da, eta salmenten datuak "etsigarriak" dira.

Elkarte horren Ikerketa Sailak COVID-19aren ondorioz salmenten egoera zein den jakiteko egindako inkestaren emaitzak ikusita, uztailetik urrira % 30 jaitsi da Gabonetako loteriaren salmenta 2019ko salmenten datuekin alderatuta.

Elkarte horren arabera, konfinamenduaren osteko salmenten datuak eta Gabonetako zozketarako salmenten aurreikuspena kontuan hartuta, koronabirusaren krisiak eragin nabarmena izango du urte osoan duten kanpaina garrantzitsuenean. Gainera, Estatuak salmenta horien bidez 1.200 milioi euro gutxiago eskuratzeko aukera dagoela ohartarazi du.

Egoera horri aurre egiteko, bi eskaera aurkeztu dituzte. Lehenengoan, administrazioek 2020ko Gabonetako zozketako partizipazioak ere ordaindu ahal izatea eskatu dute, pandemia urte honetan behin-behinean bada ere, zozketa horretarako salmenten % 45 egiten dituen kanal horren salmentak hobetzen laguntzeko. Bigarrenean, "saltokiei baimen berezi bat emateko" eskatu dute, "osasun-krisia larriagotuz gero euren jarduerarekin jarraitu ahal izateko, lanerako eskubidea konstituzioan jasotako eskubidea baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Gabonetako loteria Erregetako loteria Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Kontsumoa Loteria Tabernak Koronabirusa Alarma egoera