Gizartea -

KORONABIRUSA

"Ahoz ahokoak" garrantzia irabazi du kolektiboen loteria-partaidetzen salmentan

Pandemiaren ondorioz, kolektiboek eta elkarteek Gabonetako loteriaren ohiko salmenta modua aldatu behar izan dute.

Gabonetako loteriaren dezimoak. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Gabonetako loteriaren dezimoak.
Gabonetako loteriaren dezimoak. EITBren bideo batetik ateratako irudia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat taldek eta elkartek Gabonetako loteria saldu ohi dute, urtean zehar izaten dituzten gastuei aurre egiteko dirua biltzeko, baina pandemiak horiei ere eragin die aurten. Gabonetako loteriaren partizipazioak salduz aparteko diru-sarrerak eskuratzen dituzte hainbat jarduera, material edota zerbitzu finantzatu ahal izateko; izan ere, horren prezioaren zati handiena loteria zenbaki batean partizipazio bat jokatzeko erabiltzen da, eta zati txiki bat dohaintza gisa eskatzen dute.

Kolektiboen arabera, aurten partizipazioen salmentari dagokionez, aldaketarik handiena saltzeko modua izan da. "Ahoz ahokoa" eta "salmenta pertsonala" dira aurten partizipazioak saltzeko kanal nagusia. Normalean, partizipazio gehienak taberna, jatetxe, saltoki eta abarretan saltzen dira, baina ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk ixtearen ondorioz, beste bide batzuk jorratu behar izan dituzte.

Josune Toquero Bihotzez EAEko Sortzetiko Kardiopatien Elkarteko gizarte langileak azaldu duenez, elkartearen loteria "ahoz aho" saldu da, eta familiek horretan izandako inplikazioaren garrantzia azpimarratu du. Gainera, Toqueroren arabera, salmenta metodo horrek fruituak eman ditu, harrera ona izan du eta salmentak "oso onak" izan dira. "Uste genuen ez zela asko salduko eta azkenean dena saldu da. Horrek harritu egin gaitu ", azaldu du.

Ildo beretik jo du Juan Manuel Miramontes Laudioko Altzarrate Kirol Elkarteko presidenteordeak, eta aurten eskuz esku saltzearen garrantzia azpimarratu du. Horren arabera, taldeak urtero 20 txartel ematen dizkio jokalari bakoitzari, eta gainerakoak babesleen lokal, taberna eta dendetan saltzeko banatzen ditu. Baina ostalaritzaren itxieraren egoera dela eta, klubak tabernetan utzitako txartelak jaso behar izan ditu, "pixkanaka" senideei, gertukoei eta abarrei saltzen jarraitu ahal izateko. Loteria "eskatzen dizun jendeari, nahi duelako zurekin harremanetan jartzen den jendeari, lagunei, klubaren aldeko jendeari…" saldu dietela esan du.

Saldutako loteria-partizipazioen kopuruari dagokionez, "egoera kontuan izanda, nahiko ondo saldu dugu", adierazi du Miramontesek. Hala ere, iaz baino gutxiago, "saldu behar direnak baino gutxiago", saldu dituztela gaineratu du.

Grupo Alpino Turista Barakaldo (GATB) Barakaldoko mendi taldeak ere aurten salmentak behera egitea espero du, baina Jose Luis de Fuentes taldeko arduradunaren esanetan, tabernak berriro irekitzeko zain daude egoeraren benetako balantzea egin ahal izateko.

Pasaiako Trintxerpe Illunbe Arraun Elkartea ere tabernen irekieraren zain dago; izan ere, normalean bere salmenta kanal nagusia izaten da. Tabernen itxieraren aurrean, klubeko kideak partizipazioak pertsonalki saltzen hasi dira, eta klubak sare sozialetan iragarri du beste denda batzuetan saltzen ari direla. Klubaren arabera, "saltzen ari diren lekuetan salmenta ondo doa, baina momentuz ez dakigu oso ondo nolakoa izango den salmentaren emaitza orokorra tabernak itxita daudelako".

Gainera, egoera ekonomikoari aurre egiteko, taldea maskarak saltzen hasi da; izan ere, ezin izan ditu egin dirua lortzeko antolatu ohi dituen jarduerak: klubaren txosna jaietan jartzea, Trintxerpeko Sagardo Eguna antolatzea, etab.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Gabonetako loteria Erregetako loteria Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Loteria Koronabirusa