Gizartea -
Balorazioa
Euskaraldiaren bigarren edizioa "ariketa sozial masiboa" izan da
Gizarteak euskararekiko duen herri gogoa "ariketarako hauspoa" izan dela nabarmendu dute. Halaber, ahobizi eta belarriprest roletan "sakontzen jarraitu beharra" dagoela nabarmendu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Euskaraldiak bultzatu dituen hizkuntza praktiketan sakontzen jarraitzeko deia egin dute ariketaren sustatzaileek ekimenaren bigarren edizioaren balorazioan. Gainera, aurten izandako zailtasunek antolaketa prozesuan eta ariketaren garapenean eragin nabarmena izan duten arren, aurten ere "ariketa sozial masiboa" izan dela eta gizarteak euskararekiko duen herri gogoa "ariketarako hauspoa" izan dela nabarmendu dute. Era berean, batzordeek eta entitateek egindako lana eskertu dute.
Euskaraldiaren bultzatzaileek agerraldia egin dute ostiral honetan Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolan, bigarren edizioaren balorazioa egiteko.
Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek, Euskal Konfederazioko ordezkari Amets Lahetjuzanek, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea euskararen nafar institutuko zuzendari Mikel Arregik eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak hartu dute hitza agerraldian. Gainera, antolaketan eta sustapenean parte hartu duten hainbat eragileren ordezkariak ere izan dira Bilbon.
Horrela, bigarren Euskaraldia ere "ariketa sozial masiboa" izan dela nabarmendu dute, eta 179.780 lagunek eman dutela izena. "Oso pozgarria da ikustea milaka lagunen konpromisoa berretsi dela eta aurreko edizioan parte hartu ez zuen ahobizi eta belarriprest asko ariketara batu dela", adierazi dute.
Urte berezi honetan Euskaraldia egitea "erronka" izan dela esan dute, eta gizartean euskararen aldeko jarrera eta hizkuntzaren normalizazio prozesuarekiko atxikimendua "zabala" dela: "Euskal gizarteak berriro erakutsi du garai zailetan ere gai dela ariketa sozial honen bueltan indarrak bildu eta Euskal Herri osora zabaltzeko".
Halaber, ahobizi eta belarriprest roletan "sakontzen jarraitu beharra" dagoela nabarmendu dute. Ildo horretan, adierazi dutenez, oraindik ere belarriprest izan daitekeen jende asko dago arrazoi ezberdinengatik Euskaraldian modu aktiboan parte hartzeko erabakia hartu ez duena. "Hurrengo ediziorako ere, euskararen erabilera nabarmen areagotzeko oso garrantzitsua den jende multzo zabal hori aktibatzea erronka da", gaineratu dute.
Guneak
Bestalde, euskararen erabilera handitzeko hiztunen praktikak eta ohiturak astintzeaz gain, "euskararentzako gune erosoak sortzea behar-beharrezkoa dela sinetsita", Euskaraldiak ariguneak sortzeko proposamena helarazi die era guztietako entitateei, eta horrela, "milaka enpresa handi eta txiki, merkatari, erakunde publiko eta era guztietako elkarte" batu direla ekimenera.
Horrela, ariguneen balioa azpimarratu dute, adostasunaren ondorio baitira, hau da, ariguneko kideen eta gunea babesteko ardura dutenen arteko adostasunetik sortuak, eta horrek lagundu behar duela "15 egunetan sortutako dinamika zein praktika berriak denboran luzatzen".
"Ez da erraza izan aurten entitate askorentzat ariguneak sortzeko prozesua, pandemiak eraginda. Eta, hala ere, milaka entitate batu dira ariketara, eta gogotsu ekin diote gune babestuak sortu eta hedatzeari. Baina ariguneak sortuta ateak zabaltzeko zailtasun edo ezintasuna izan duten hainbat entitate ere egon dira. Gogoan ditugu eta beraiekiko zor bat ere sentitzen dugu, ariketara batzeko egin duten ahalegina itzultzekoa", azaldu dute.
Halaber, Euskaraldiaren bigarren ediziorako herriz herri batzordeak sortzen eta berrrantolatzen ari zirenean covid-19 gaitza gordin agertu zen arren, nabaermendu dute lehen edizioan baino udalerri gehiagotan antolatu dela Euskaraldia, tokian tokiko euskalgintza, erakunde eta euskaltzaleei esker.
"Herri gehiagotan egon dira batzordeak eta boluntarioak lanean, ahalegin ikaragarria egiten, gizarte harremanak mugatuak dauden garaian era guztietako entitateetan eragin eta herritarrak ariketa sozialera batzera gonbidatzen", adierazi dute.
Ildo horretan, Euskaraldiak abiatu dituen hainbat batzorderen lanak ariketatik harago jarraipena izatea nahi dutela esan dute: "Herriz herri euskaltzaleen mugimendu indartsu bat da euskararen normalizazioan urratsak ematen jarraitzeko oinarrietako bat, euskararen normalizazio bidean askotariko ekimen eta jarduerak antolatzen jarraituko dituen mugimendu indartsua".
Gainera, Euskaraldiaren hasieratik bultzatu den lankidetza ereduari eutsi zaio aurtengo ariketan ere, "euskarak eta euskaltzaleok euskalgintzan ari garen gizarte eragileen, erakunde publikoen eta bestelako eragileen arteko indar uztarketak behar baititugu". Herritar norbanakoak eta boluntarioak ere lankidetza horren parte direla ziurtatu dute.
Dinamikei eutsi
Bestalde, adierazi dutenez, Euskaraldiak inertziak apurtzeko babesa eman du egunotan, eta aldatu diren dinamikei "ahalik eta gehien eusteko garaia da orain". "Berriz ikusi dugu uste duguna baino jende gehiagok ulertzen duela euskaraz; norberak ekiteak inguruan ere eragiten duela; uste baino gehiago bizi gaitezkeela euskaraz; ingurune digitalean ere urrats asko ditugula emateko; tresna txiki batzuekin errazago egin dezakegula; ohiturak aldatzea posible dela", azaldu dute.
Sustatzaileen arabera, kalean zein ingurune digitalean biderka daitezke euskaraz aritzeko aukerak, baita ariguneetan ere, eta lortutako adostasunak eta identifikatutako espazio horiek aurrerantzean ere baliatzeko deia egin dute, "gure lantoki, elkarte, denda eta espazio publikoetan euskaraz aritzeko".
Euskaraldiaren bigarren edizioan "bakoitzaren hizkuntza praktiketan sakontzeko proposamena" egin zaie herritar eta entitateei. Bada, arduradunen iritziz, sakontze horretan "elementu berriak" ekarri ditu Euskaraldiak, eta bide beretik proposatuko dituzte ekimenaren hurrengo urratsak ere, hau da, "herritarrekin eta entitateekin praktika urratzaileak landuz eta sakonduz".
Bukatzeko, euskal gizartea zoriondu dute antolatzaileek: "Euskaraldiaren bigarren edizioan ere erakutsi dugu elkar hartuta inertziak apurtzen, ohiturak aldatzen eta euskararentzako guneak irabazten jarraitu dezakegula. Badugu zeregina oraindik ere, baina egunotan sortutako energia sozialari eta auzolanari eusteko deia egin nahi dugu, sortzen ari garen hizkuntza praktika berriek bidea egin dezaten".