Politika -

Euskararen eguna

Hizkuntza aniztasunaren aldeko ez legezko proposamena aurkeztu dute 10 alderdik

Hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten hainbat eragilek, tartean Kontseiluak, "sei konpromiso" hartzeko eskatu zieten taldeoi, eta gaur, Euskararen Egunean, aurkeztu dute proposamena Kongresuan.

Hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileen ordezkariak, Kongresuan. Argazkia: Kontseilua
Hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileen ordezkariak, Kongresuan.
Hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileen ordezkariak, Kongresuan. Argazkia: Kontseilua

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten 10 alderdik —BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Mas Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemos— hizkuntza aniztasuna babesteko legez besteko proposamena aurkeztu dute gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean. Proposamena Espainiako Estatuan hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten hainbat eragilek, tartean Kontseiluak, aurkeztutako manifestu bat oinarri hartuta aurkeztu dute taldeok. 

Kontseiluak ohar batean azaldu duenez, otsailean, euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren alde lan egiten duten eragileek —Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencía, Ciemen, Escola Valenciana, Ómnium eta Plataforma per la Llengua— bilera egin zuten Espainiako Diputatuen Kongresuan hainbat alderditako ordezkariekin.

Bileraren xedea "hizkuntza gutxituen egoera partekatzea izan zen, eta sei konpromiso zehatz biltzen zituen Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia manifestua aurkeztu zitzaien". Hain justu, agiri hori oinarri du gaur aurkeztu duten legez besteko proposamenak.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, "alderdiei azaldu genien gure ustez Espainiako Estatuak ez duela hizkuntza-aniztasunera egokitu nahi izan. Gainera, aipatu genien azken boladan areagotu egin zela sektore politiko batzuen etengabeko erregresio-mehatxua, eta, horrek ahalbidetzen duela berezko hizkuntza erabili nahi duten herritarrekiko legezko derrigortzea, bereizkeria eta arreta falta".

Irakurketa bateratu horren aurrean, ikusle hutsak izatetik esku-hartzera jauzi egiteko deia egin zieten eragileek alderdiei: "Gure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea eragotziko eta mugatuko duten neurriak martxan jartzeko egiten ari diren mehatxuen aurrean, esan genien alderdi politikoak ezin direla ikusle hutsak izan". Hitz gutxitan, argi adierazi du Bilbaok: "Bustitzeko unea dela gogorarazi genien".

Bilbaoren ustez, gaur alderdiek aurkeztu duten proposamena "berri ona" da; "txalotu nahi dugu alderdiek guk egindako proposamenari baiezkoa eman eta aurrera eraman izana. Zinez uste dugu hau dela eragile desberdinen arteko lankidetzarako eredua", erantsi du.

Dena dela, Kontseiluko idazkari nagusiak aitortu du bidea amaitu ez dela. Azpimarratu duenez, "hurrengo asteetan ekimena sustatu zuten eragileek agerraldi bateratua egiteko asmoa dute. Horrez gain, berriz ere harremanetan jarriko dira alderdiekin, hurrengo hilabeteetan legez besteko proposamenaren inguruan izango den eztabaidaz hitz egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia gaur Euskaraz Berriak Politika EAJ-PNV Euskararen Nazioarteko Eguna Espainia albisteak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Podemos albisteak Euskaraldia abestia 2025 ERC Euskararen normalizazioa