Gizartea -

Iñigo Cabacas

Auzitegi Gorena gaur hasi da Cabacas auziaren helegiteak aztertzen

Athleticeko zale gaztearen familiak Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaia errekurritu zuen, gertakarien kontakizuna eta ezarritako zigorra bat ez zetozelako. Zigortutakoak ere helegitea aurkeztu zuen.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaimahaia, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaimahaia, epaiketan.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaimahaia, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorena asteazken honetan hasiko da Cabacas auzia aztertzen. Andres Palomo del Arco magistratuak mahaia gainean izango ditu Cabacasen familiak duela bi urte aurkeztu zuen kasazio helegitea, baita zigortutako ertzainburu bakarrak aurkeztutakoa ere.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion gaztea hil zuten gau hartan operazioaren buru zen Juan Jose de Pablo ertzain arduradunari, gainerako sei agenteak absolbitu bazituen ere. Auzitegiaren arabera, ekintza polizialak "ez zuen justifikaziorik", eta Maria Diaz de Haroko kalezuloan "objektu gutxi batzuen jaurtiketa gomazko pilotak erabili gabe" eten zitekeen. Kalezuloan egindako operazioak "ikara" sortu eta pertsonen "osotasun fisikoa arriskuan" jarri zuela ebatzi zuten epaileek.

Hain justu, gertatutakoaren kontakizuna ezarritako zigorrekin bateragarria ez dela uste du Cabacas familiaren defentsak, eta horri heldu zion helegitea aurkezteko orduan. Jone Goirizelaia abokatuaren esanetan, "epaiak bat egiten du senideek egindako azterketarekin, baina azterketa horren ondorioa absolutorioa da. Gure ustez, azterketa hori bada, beste ondorio bat izan behar zuen, eta ondorio hori kondenatorioa izan behar da". 

Familiaren helegitea ez ezik, De Pablo ofizialaren helegitea ere aztertu beharko du Gorenak. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urteko kartzela zigorra eta lau urteko gaitasungabetzea ezarri zion Ertzaintzaren arduradun horri. Ezarritako zigorrarekin, ertzain arduradun nagusiak ez zuen espetxea zapaldu, eta ez zuen bere lanpostua utzi behar izan; izan ere, erretiroa hartuta zegoen. De Pabloren defentsak absoluzioa eskatu du.

Gorenak ez du auzia aztertzeko eperik, eta hilabeteak pasatu litezke azken erabakia ezagutu arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urteurrena Iñigo Cabacas Bilboko albisteak Ertzaintza Gaurko albisteak Bizkaia Auzitegi Gorena albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa