Gizartea -
Koronabirusa
EAEko bederatzi udalerrik ezingo dituzte tabernak larunbat honetan ireki
Aramaio, Iruña Oka, Erriberabeitia eta Zuia (Araba); Arrigorriaga eta Ermua (Bizkaia), eta Arrasate, Eibar eta Ordizia (Gipuzkoa) dira agindu berria jaso arte tabernak itxita izango dituzten herriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko bederatzi udalerrik (2 Bizkaian, 3 Gipuzkoan eta 4 Araban) ezingo dituzte larunbat honetan tabernak eta jatetxeak ireki, covid-19aren pandemiaren bilakaera dela eta.
Osasun Sailak ostiral honetan argitaratutako ebazpenaren arabera, 100.000 pertsonako 500 kasu baino gehiago dituzten 5.000 biztanletik gorako herriei debekatu diete ostalaritza irekitzea (azken 14 egunetako datuetan oinarrituta). Hain zuzen ere, Arrigorriaga eta Ermua (Bizkaian) eta Arrasate, Eibar eta Ordizia (Gipuzkoan) dira aipatu tasa gainditu duten herriak.
Bestalde, Osasun Sailak Arabako lau udalerriri (Aramaio, Iruña Oka, Erriberabeitia eta Zuia) galarazi die tabernak irekitzea. Kasu horietan, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriak dira guztiak, baina Gotzone Sagarduik zuzendutako Sailak uste du, egoera epidemiologikoa kontuan izanda, oraingoz, udalerri horietan ere itxita egon behar direla tabernak.
Lau "salbuespen" horiek arrazoitzeko hartutako irizpideak ere eman ditu: 100.000 biztanleko 500 kasutik gora izan dituzte azken 14 egunetan, eta bi kasutik gora zenbatu dituzte azken zazpi egunetan.
Iruña Okan, esaterako, astebetean 45 kasu berri atzeman dituzte, eta 2.390,44 kasu daude 100.000 biztanleko.
Hala eta guztiz ere, astelehenero eta ostegunero ebazpen berri bat argitaratuko dute bederatzi udalerri horietan pandemiak izan duen bilakaera ezagutarazteko, eta, horrenbestez, tabernak irekitzeko debekua altxatu dieten ala ez jakinarazteko.