Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gizon batek emakume bati eraso dio Zaldibarren

Eskuetan eta aurpegian ebakiak egin dizkio eta Galdakaoko Ospitalera eraman dute. Ustezko erasotzailea, 54 urteko gizona, atxilotu egin dute.

O.A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo, 54 urteko gizon batek bikotekideari eraso egin zion Zaldibarren. Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu egin zuen, genero indarkeria delitua leporatuta. Biktima, ostera, Galdakaoko ospitalera eraman zuten, aurpegian eta eskuetan eragindako zauriak sendatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 10:00ak aldera jaso zuen abisua Ertzaintzak, Zaldibarko etxebizitza batean gizon bat emakume bati eraso egiten ari zela ohartaraziz.

Ertzaintza aipaturiko etxebizitzara agertu zen eta gizon-emakumeak identifikatu zituen. Emakumeak hainbat ebaki zituen eskuetan eta aurpegian, antza denez, arma zuri batekin egindakoak. Ertzainek labana bat jaso zuten lekuan, delituaren froga gisa.

Hasiera batean anbulantzia batek emakumea tokian bertan artatu bazuen ere, azkenean Galdakaoko Ospitalera eraman zuten. Bestalde, Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen genero indarkeria delitua egotzita.

Atxilotuak Durangoko ertzain etxean jarraitzen du, epailearen aurretik igaro zain.

Emakumeak gizonaren aurkako salaketa aurkeztu zuen abenduaren hasieran, tratu txarrengatik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Fakturan ez dute arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak umeak Indarkeria matxista Espainian Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Mundu matxista