Gizartea -

KORONABIRUSA

Positiboek apur bat gora egin dute EAEn, baita positibotasun tasak ere, % 3,6ra arte

Hamalau egunetan Euskadin metatutako intzidentziak beheranzko joerari eutsi dio, 294,83ra arte. 413 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 99 zainketa intentsiboetako unitateetan.

Osasun langile batek PCR proba bat egiten. Argazkia: EFE.
PCR proba
Osasun langile batek PCR proba bat egiten. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak 465 kutsatze berri utzi ditu Euskadin azken orduotan egindako 12.787 diagnostiko probetan. Ondorioz, % 3,6ko positibo tasa izan da, aurreko eguneko % 3,1 baino handiagoa, baina azken lau hilabete eta erdiko bigarren baxuena.

Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera, ostegunean aurreko egunean baino 69 kutsatze gehiago atzeman zituzten. Araban 78 erregistratu zituzten (bat gehiago), Bizkaian 193 (16 gehiago) eta Gipuzkoan 191 (53 gehiago). Gainera, Euskaditik kanpo ohiko bizilekua duten hiru pertsonak positibo eman zuten (bat gehiago).

Ospitaleetako presioa mantendu egin da: 413 pertsona daude ospitaleratuta, atzo baino 20 gutxiago. Ospitaleratze berri gehiago izan dira, 42, eta gela arruntetan ospitaleratutakoen kopurua 335tik eta 315era jaitsi da. Zainketa intentsiboetako unitateetan 98 paziente daude oraindik, aurreko eguneko berberak.

Oinarrizko ugalketa kopurua ere jaitsi egin da, R0a, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, eta 0,99an kokatu da.

Euskadin hamalau egunetan metatutako intzidentziak beheranzko joerari eutsi dio, eta ostegun honetan 294,83 kasu izan dira 100.000 biztanleko. Araban 379,61ean dago, aurreko eguneko 387,2ren aldean; Bizkaian, 249,03an, bezperako 250,3aren azpitik; eta Gipuzkoan, 321,67an (323,6 asteazkenean).

EAEko udalerrietako intzidentziari dagokionez, Gipuzkoan bakarrik daude herriak eremu gorrian, hau da, 500 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko 14 egunetan, eta atzoko berberak dira Aretxabaleta, Azpeitia, Beasain, Ordizia eta Arrasate.

Azken udalerri horrek du Euskadiko tasarik altuena, 100.000 biztanleko 1.183,2 kasu izan baitira, eta azken orduetan 38 positibo eman dira, nahiz eta Osakidetza herri horretako biztanleei baheketa masiboa egiten ari zaien.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Adinaren arabera, 40 eta 64 urte bitarteko pertsonak kutsatu dira gehien (170 positibo berri), ondoren 18 urtetik beherakoek (105 kasu) eta, azkenik, 19 eta 39 urte bitartekoek (104 kasu). 65 urtetik gorakoek 86 kasu zenbatu dituzte, horietatik 46, 80 urtetik gorakoak.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatu handiena 80 urtetik gorakoen (417,471) eta 18 urtetik beherakoen (354,5) artean dago. Txikiena 65 eta 79 urte bitarteko biztanleena da: 174,66.

Hezkuntzaren arloan, ez dago aurrez aurreko jarduera erabat etenda duen ikastetxerik, baina 74 gela itxita daude (asteartean baino bost gutxiago) 39 ikastetxetan (bost gehiago). Itxitako eskola horietako batzuk (21) Duranako (Araba) Ikasbidea ikastetxean daude, eta DBHko 450 ikasle inguru daude konfinatuta, koronabirus agerraldi baten ondorioz.

Pandemia hasi zenetik metatutako datuak

Bestalde, asteroko aldizkari epidemiologikoaren arabera, martxoan pandemia hasi zenetik abenduaren 13ra arte metatutako datuen arabera, denbora horretan 111.765 pertsonak eman dute positibo covid-19an: 17.020 Araban, 54.900 Bizkaian eta 36.703 Gipuzkoan. Horiez gain, ohiko bizilekua Euskaditik kanpo duten 3.143 pertsona izan dira koronabirusarekin.

Guztira, 2.839 pertsona hil dira pandemiaren ondorioz, eta horietatik 99 azken astean hil dira.

Erresidentziak

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako bi erabiltzaile hil dira azken orduetan COVID-19arekin. Gainera, PCR probek 15 positibo berri atzeman dituzte, guztiak Aretxabaletako Debagoiena egoitzan, eta guztira 67 egoiliar daude koronabirusarekin kutsatuta.

Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Debagoienako eta Donostiako Julian Rezola egoitzakoak dira bi hildakoak.

Gainera, Gipuzkoako egoitzetako 12 erabiltzailek gainditu dute gaixotasuna azken orduetan, eta 72 pertsona daude ospitaleratuta Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan, Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan.

Gaur egun, 186 kasu positibo aktibo daude lurraldean. Covid-19aren pandemiaren bigarren olatuan, abuztuaren 11tik, 429 pertsona sendatu eta 114 hil dira.

Bestalde, koronabirusaz kutsatuta zegoen eta Gasteizko Alto del Prado-Caser egoitza pribatuko erabiltzaile zen pertsona bat hil da azken egunotan ospitalean, eta horrek 31ra igo du pandemiaren bigarren olatuan Arabako zentroetan hildakoen kopurua.

Arabako Foru Aldundiak ostiral honetan jakitera eman duenez, gainera, Albertia Campuseko egoitza pribatuko erabiltzaileen artean kasu positibo bat izan da.

Pandemiaren bigarren fase honetan, 214 egoiliar sendatu dira Araban.

Nafarroan, berriz, beherakada nabarmena izan dute, 63ra jaitsi baitira, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Bestalde, Salvador Illa Osasun ministroak iragarri duenez, abenduaren 27an, igandea, hasiko dira Espainian Pfizer eta BioNTech enpresen koronabirusaren aurka egindako txertoa ematen. Abenduaren 26an jasotzen dira lehenengo dosiak, eta autonomia-erkidegoei modu ekitatiboan banatuko zaizkie, txertaketa-prozesuarekin jarraitzeko eta Ministroen Kontseiluak onartutako txertaketa-plana oinarri hartuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa