Gizartea -

KORONABIRUSA

Abenduaren 27an hasiko dira Espainian covid-19aren kontrako txertoa jartzen

Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak baieztu duenez, "erkidego guztietara iritsiko dira txertoak", banaketa nola eta noiz egingo den zehaztu ez badu ere.

Pfizerren txertoa. Argazkia: EFE.
Pfizerren txertoa.
Abenduaren 27an hasiko da txertaketa prozesua Espainian

1:10

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 27an, igandea, hasiko dira Espainian covid-19aren aurkako txertoa jartzen, Pfizer konpainiaren dosiak jaso eta biharamunean.

Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak baieztatu du berria, hedabideen aurrean, gaur eguerdian, egin duen agerraldian. Xehetasun handietan sartu gabe, txertoa erkidego guztietara iritsiko dela ziurtatu du, eta "Europarekin koordinatuta" ari direla lanean gaineratu du, "banaketa nola eta noiz" egin zehazteko. Osasun zentroetako eta egoitzetako langileek eta egoiliarrek jasoko dituzte lehendabiziko txertoak.

Espainiak zenbat dosi jasoko dituen ez du zehaztu Illak, baina "nahi baino gutxiago" izango direla aurreratu du. Txertaketa "mailakatua" izango dela nabarmendu du, eta, horrenbestez, "pandemiaren amaieraren hasiera" dela esan du, eta ez "pandemiaren amaiera".

Lehenengo txertoak abenduaren 26an iritsiko dira Estatu espainiarrera, eta astero dosi gehiago jasoko dituzte. "Banaketa orekatua izango da prozesu guztian", ministroaren hitzetan.

Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan bertan adierazi duenez, koronabirusaren aurkako txertoaren 20.000 dosi jasoko ditu EAEk urtarrilean, eta covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina "prozesu luzea" izango dela aurreratu du, 2021eko urteko udazkenera arte irautea aurreikusi baitute. Lehendakariaren hitzetan, pixkanaka egingo da eta "progresiboa eta mailakatua" izango da.

Ertzaintza, Osakidetza eta Euskadiko Zibersegurtasun Saila elkarlanean ari dira dispositiboa prestatzen, txertoaren banaketa segurua ziurtatzeko. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak ez du zehaztu txertaketa zein egunetan hasiko duen. 

Bien bitartean, Osakidetzak formakuntza kanpaina bat abiatu du erizainen artean. Euskadi Irratiak baieztatu duenez, Gipuzkoan ostiral honetan bertan hasi dituzte trebakuntza saioak Donostia Ospitalean. Bizkaian, berriz, datorren astelehenean hasiko dira.

Amaia Mayor SATSE sindikatuko bozeramaileak Euskadi Irratiari emandako azalpenen arabera, ikastaro horretan jarraibideak emango dituzte. Besteak beste, txertoa nola kudeatu, nola kontserbatu edota jartzeko zenbat denbora duten ikasiko dute. Horren hitzetan, Europa mailako erregistro bat bete beharko dute erizainek, txertaketa ondo erregistratuta uzteko. "Covid-19aren aurkako txertoaren bi dosi eman behar direnez, oso ondo erregistratu behar da lehen dosia, hurrengoa, bigarrena, bere momentuan jartzeko", azaldu du.

Europa mailako errolda ezinbestekoa izango da txertoa nork eta noiz hartu duen jakiteko, SATSEko bozeramailearen esanetan.

Pfizer etxearen txertoa izango da EAEra iristen lehena. Hasiera batean, urtarrilaren lehen hamabostaldirako aurreikusita zegoen erizainen prestakuntza, baina Amaia Mayorrek esan bezala, dena ari da aurreratzen.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, bere aldetik, atzo bertan jakinarazi zuen abenduaren 27an ekingo diola koronabirusaren kontrako txertoa jartzeari, Osasun Ministerioarekin adostuta. Aurreikuspenen arabera, 26.000 dosi jasoko ditu Foru Gobernuak, eta urtarrilean 13.000 herritar txertatzea espero dute.

"Eszeptizismo handia"

Deustobarometroak gaur bertan kaleratu duen inkestaren arabera, covid-19aren aurkako txertoaren inguruan eszeptizismo handia da nagusi Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean. Izan ere, EAEko herritarren % 40k nahiago dute pixka bat itxaron txertoa jartzeko eta % 10ek, ostera, ez dute txertoa hartzeko inolako asmorik.

Herritarren % 64rentzat koronabirusak kezka nagusi izaten jarraitzen du. Duela sei hilabete egindako aurreko inkestarekin alderatuta, bi puntu igo da kopuru hori.

Guztira, 1.003 elkarrizketa egin zituzten EAEn, azaroaren 17a eta 25a bitartean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Osasunbidea