Gizartea -

BIZI-KALITATEA

EAEko Giza Garapenaren Indizea munduko 12.a da

Giza Garapenaren Indizea kalkulatzen da bizi-itxaropenaren, aurreikusitako eskolatze-urteen, batez besteko eskolatze-urteen eta per capita errenta gordinaren arabera.

"EAEko Giza Garapenaren Indizea munduko 12a da". Argazkia: EFE
"EAEko Giza Garapenaren Indizea munduko 12a da".
"EAEko Giza Garapenaren Indizea munduko 12a da". Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAE munduko 12. postuan dago 0,937ko indizearekin, Eustatek 2010 eta 2019 bitartean egindako Giza Garapenaren Indizearen (GGI) sailkapenaren arabera. Horretarako, Eustatek Nazio Batuen Garapenerako Programaren (NBGP) metodologia aplikatu du 2020ko azken txostenean jasotakoa.

PNUDek argitaratutako txostenak munduko 189 herrialdetako sailkapena ezartzen du, bizi-baldintzen arabera ordenatuta. Azterlanak horietako bakoitzari GGIa bat esleitzen dio (0tik 1erako eskalan) honako datu hauek kontuan hartuta: jaiotzako bizi-itxaropena, eskola adineko haurren eskolatze aldia, 25 urteko edo gehiagoko helduen batez besteko eskolatze aldia eta per capita errenta nazional gordina.

Metodologia horrekin eta Eustaten kalkuluen arabera, EAEk 0,937ko Giza Garapenaren Indizea du eta hamabigarren postuan dago Norvegia, Irlanda, Suitza, Hong Kong, Islandia, Alemania, Suedia, Australia, Herbehereak, Danimarka, Finlandia eta Singapur herrialdeen atzetik. Espainia, berriz, 25. postuan dago, 0,904ko indizearekin.

Aztertutako aldian (2010-2019), EAEko indizearen osagai guztiek hobera egin dute. Bizi-itxaropena 82,4 urtetik 83,9 urtera igaro da, gure autonomia erkidegoa hirugarren postuan jarrita, Hong Kongen (84,9) eta Japoniaren (84,6) atzetik.

Eskolatze aldiaren adierazlea 18,1etik 18,6ra igo da, EAEk bederatzigarren postuan kokaturik, Australia (22), Belgika (19,8), Suedia (19,5), Finlandia (19,4), Islandia (19,1), Danimarka (18,9), Zeelanda Berria (18,8) eta Irlandaren (18,7) atzetik.

Eskolatzearen batez besteko urteei dagokienez, 10,2 urtetik 11,2 urtera igaro dira. 51 herrialde daude EAEaren aurretik; eta horien buru dira Alemania (14,2), Estatu Batuak, Suitza eta Kanada (hirurak 13,4rekin).

Per capita errenta nazional gordina 50.877tik 57.438 dolar estatubatuarretara igo da, erosteko ahalmenaren parekotasunaren arabera neurtuta. Kasu honetan, pertsonako diru-sarrerarik handienak dituzten munduko herrialdeetatik urrun gaude: Norvegiako 66.494 dolarretik eta Liechtensteinen 131.032 dolarretik. Halere, Alemaniaren (55.314) eta Islandiaren (54.682) aurretik gaude.

Urtebeteko aldaketak                                                                                                                                       

Datuak aurreko urtearekin alderatuz gero, GGIren lau osagaietatik hiruk hobera egin dute EAEn: bizi-itxaropenak (83,6tik 83,9ra); eskolatzearen batez besteko urteek (11,1etik 11,2ra) eta errenta nazional gordinak (56.659tik 57.438ra). Eskolatze-urteak, berriz, 18,7tik 18,6ra jaitsi dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Eustat gaur