Gizartea -
KORONABIRUSA
Zupiriak "arretaz" ibiltzea gomendatu du, txertoak "itxaropena" piztu arren
Euskal Autonomia Erkidegoan hartutako "neurri zorrotzek" hobekuntza ahalbidetu dutela uste du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, eta horiek mantentzeko deia egin du, kutsatze masiboak saihesteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Koronabirusaren aurkako txertaketa abian den honetan eta txertoak "itxaropena" piztu duela onartu arren, datozen hilabeteetan "arreta handiz" ibiltzea gomendatu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Gainera, Eusko Jaurlaritzak hartutako "neurri zorrotzek" hobekuntza ahalbidetu dutela uste du eta horiek mantentzeko deia egin du, kutsatze masiboak saihesteko. Ildo horretan, neurri murriztaileak bere horretan mantenduko dira Gabon zaharrean eta urteberri egunean.
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, txertoaren agerpenagatik "ziurrenik" datozen hilabeteak itxaropenez biziko badira ere, "arreta handiko" agertoki baten aurrean gaude.
"Gure erkidegoan txertaketa portzentaje altuetara iristen garenean ere, ez dugu ahaztu behar munduan badirela oraindik txertorik jaso ez duten eremuak. Pertsonen arteko joan-etorriak badaude eta gaixotasuna ekar dezakete beste herrialde batzuetatik", gaineratu du.
Hori dela eta, uste du albiste ona dela Euskal Autonomia Erkidegoan eta inguruetan covid-19aren aurka txertatutako pertsona asko egotea. Dena dela, arriskuak bere horretan dirauela gogoratu du. Ildo horretan, hilabete luzez osasun neurriak bete beharko direla azpimarratu du.
Jaurlaritzako bozeramaileak onartu du inork ez dakiela txertaketa kanpaina nolakoa izango den eta noiz amaituko den.
"Txertaketa prozesuak iraun behar duen bitartean iraungo du, merkatuan txerto berriak agertzearen eta horien hornikuntzaren arabera", azaldu du.
Pfizerren txertoaren ostean, Bingen Zupiriak uste du Europar Batasunak beste txerto batzuk onartuko dituela, eta, ondorioz, txertoa jartzeko aukerak handitu egingo direla.