Gizartea -

KORONABIRUSA

Bexen Medical enpresak gorde ditu asteazken honetan EAEn banatuko diren 16.000 dosiak

Pfizerrek eta BioNTechek garatutako txertoak goizeko lehen orduan iritsi dira Forondako aireportura. Hain zuzen ere, -70 ºC baino gutxiagoko tenperatura behar dute eraginkorrak izateko.

EAEn banatuko diren Pfizer etxearen txertoak Hernaniko Bexen Medical kooperatiban gordeta daude. EFE
EAEn banatuko diren Pfizer etxearen txertoak Hernaniko Bexen Medical kooperatiban gordeta daude
Bexen Medicalek Hernanin duen egoitzan dira Pfizerren txertoaren 16.000 dosiak

0:50

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) banatuko dituzten covid-19aren aurkako txertoaren 16.000 dosi berriak gorde ditu Hernaniko Bexen Medical kooperatibak, 10:20 aldera instalazio horretara iritsi ondoren.

Zehazki, EAEri dagozkion 16.000 dosiak Hernaniko Bexen Medical kooperatibak gordeko ditu, Pfizerrek eta BioNTechek garatutako txertoek -70 ºC baino gutxiagoko tenperatura behar dutelako eraginkorrak izateko. Gaur-gaurkoz 10 izozkailu dituzte Hernanin, baina urtarrilaren amaierarako beste 20 izango dituzte. Gauzak horrela, 10 milioi dosi gordetzeko gaitasuna izango du.

Hain zuzen ere, furgoneta beltz batek Forondako aireportutik eraman ditu dosi guzti horiek, Ertzaintzak lagunduta. Hernanira iritsitakoan, bost minutu inguruan amaitu dituzte deskarga lanak.

Atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu zuenez, enpresa hori da Estatu osoan tenperatura horietan txertoak mantentzeko gaitasuna duen enpresa bakarrenetako bat. Dosi horiek pertsonei jarri aurretik desizozteko denbora behar denez, txertaketa kanpainarekin asteazkenean zahar-etxeetan jarraitzea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak.

Txertoa desizozteko prozesua

Hernaniko Bexen Medical kooperatibako teknikariek kontrolatuko dute egunero EAEn banatuko diren txertoen egoera, modu egokian desizoztu daitezen.

Bezperan, hurrengo egunean EAEn jarriko diren txertoak desizoztuko dira Hernaniko enpresan, teknikarien zaintzapean. Ondoren, botika banatzailearen esku utziko dute azken horren 4 eta 5 gradu arteko tenperaturan banatu dezan.

Txertaketa gaur Nafarroan, eta bihar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Igandean jarri ziren 450 txerto sinbolikoak alde batera utzita, bihar hasiko da txertaketa masiboa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehenik eta behin, adinekoen egoitzetako egoiliarrak eta langileak eta lehen lerroan lanean ari diren osasun langileak txertatuko dituzte.

Araban, Gasteizko Zadorra adinekoen egoitzako egoiliarrei eta langileei jarriko diete txertoa. Bestalde, ez dute zehaztu Bizkaian eta Gipuzkoan txertaketa non egingo duten.

Nafarroaren kasuan, gaur ekin diote berriro txertaketari. Zehazki, hiru adinekoen egoitzetan jarri dute txertoa. Ana Ariztegi Zainketa Asistentzialak eta Etxeko Arreta Zerbitzuko buruak eman ditu prentsaren aurrean Nafarroako txertaketari buruzko datuak.

Txertaketa egutegia "oso dinamikoa" izango dela ohartarazi du, adinekoen egoitzetan agerraldi berriak atzeman ahala moldatu egin beharko dutelako. Horren erakusle San Jose zentroa gertaturikoa. Hasiera batean, gaur egitekoa zen txertaketa bertan, baina agerraldi bat tarteko atzeratu egin da.

Goizean zehar, El Mirador eta Infanta Elena zentroetan jarri dituzte txertoak. Arratsaldean, ostera, Refenako profesionalen txanda izan da. Gaur eguna amaitzerako 429 pertsonari txertoa jartzea aurreikusi dute eta horietatik 280 arratsaldean Refenan txertatuko dituzten langileak izan dira.

Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendari nagusiak, bere aldetik, koronabirusaren aurkako txertoa jartzeko deia egin du "interes pertsonaleko eta erantzukizun sozialeko" ariketa bikoitz gisa.

Forondako aireportura iritsi dira Pfizerren txertoaren 16.000 dosi
Forondako aireportura iritsi dira Pfizerren txertoaren 16.000 dosi
Forondako aireportura iritsi dira Pfizerren txertoaren 16.000 dosi

1:12

Goizeko lehen orduan iritsi dira Forondako aireportura Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan banatzeko Pfizer botika etxearen txertoaren dosiak. Belgikako lantegian izandako gorabehera logistiko batek bidalketa egun bat atzeratu du. Forondako aireportutik EAEra, Nafarroara, Asturiasera, Kantabriara, Gaztela eta Leonera eta Aragoira banatu da txertoa.

Pfizer botika etxearen txertoak hegazkin batean iritsi dira Belgikatik Forondara, 05:40ean. Txertoaren milaka dosi zortzi furgonetatan atera dira Forondatik, Guardia Zibilak babestuta. Aireportuaren eremutik irtendakoan Ertzaintzak hartu dio lekukoa Guardia Zibilari.

Astearteko bidalketan, Espainiak koronabirusaren aurkako Pfizer botika etxearen 369.525 dosi jaso ditu. Hasiera batean bidalketa astelehenerako iragarrita bazegoen ere, Belgikako lantegian izandako arazo logistiko batek egun bat atzeratu du bidalketa. Txertoa autonomia erkidegoetan barrena banatu ostean, txertaketa masiboari ekingo diote Estatuan. Abenduaren 27an banatu zituzten koronabirusaren aurkako txertoaren lehen dosiak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hernani argazkiak Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Mondragon korporazioa Gaixotasunak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Euskal enpresak azken ordukoa Txertoak azken ordukoa Koronabirus-agerraldiak