Gizartea -
TRAFIKOA
Arantzazu, Elosua eta Pagatzako mendateak itxita elurragatik
Errepide sare nagusia zabalik dago bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Nafarroan ere. Dena den, arretaz gidatzea gomendatzen dute.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Arantzazu, Elosua eta Pagatza mendateak, guztiak bigarren mailako sarekoak, erabat itxita daude ibilgailuantzat, elurra edo izotza dela eta.
Gainera, lurralde historiko berean, autoentzako kateak erabili behar dira Artikutzan, eta debekatuta dago kamioiek eta ibilgailu artikulatuek zirkulatzea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 17:00ak aldera zabaldutako informazioaren arabera.
Nafarroan, ezin da zirkulatu NA-137 errepideko mendatetik Izaba parean, 59. kilometroan, ezta NA-7510 mendatetik Lekunberri parean, 4. km-tik 16. km-ra.
Dena dela, gainerako errepideetan ere arretaz gidatzea gomendatzen dute.
Elur denboraleaz galdetuta, Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "erabateko koordinazioarekin" ari dira lanean Trafiko zuzendaritza, hiru foru aldundiak, errepideetako zentroak, autobideak, eta gainerako erakundeak.
Luiziak, eroritako zuhaitzak eta bestelakoak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, bere aldetik, beste hainbat gorabeheraren berri eman du, guztiak ere Gipuzkoan. Ataunen, Elgetan, Ibarran eta Aian zuhaitzak erori dira errepidera eta bidea oztopatzen ari dira. N-634 errepidean luizia gertatu da Deban. Langileak bidea garbitzen ari dira eta bien bitartean txandaka ari dira bidea ematen.
Arabako Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana aktibatuta mantentzen du
Lurraldeko errepideen egoera ona bermatzeko, Arabako Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana aktibatuta mantentzea erabaki du.
45 langile, 14 talde material eta hiru minoi patruila prest daude, Foru Aldundiak ohar batean jakinarazi duenez.