Gizartea -

IRAGARPENA

Elurra itsas mailan eta izotzagatik abisu horia, astebururako

Asteburuan hotz egiten jarraituko du eta larunbaterako elurra espero da; baliteke euskal kostaldera iristea eta hondartzak zuritzea. Nafarroako Erriberan 8-15 zentimetro arteko elurra pila daiteke.

Elurra Kontxako hondartzan. EFEren artxiboko irudia.
Elurra Kontxako hondartzan.
Elurra Kontxako hondartzan. EFEren artxiboko irudia.

A. S. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoa abisu horian dago izotzagatik eta tenperatura baxuengatik. Ostegun honetan izotza egin du EAEko txoko askotan, eta Nafarroan alerta laranja ezarri dute, -10 gradu arteko tenperaturagatik. Hotz egiten jarraituko du asteburuan ere. Segurtasun Sailak larunbatera arte luzatuko du abisu horia izotzagatik, eta beste abisu bat ezarriko du elurragatik, kota itsas mailan koka daitekeelako.

Hotza nabarmen nabaritu da azken orduetan EAEn, eta, goizaldean, balio negatiboak izan dira lurraldeko leku askotan. Minimoa Iturrietako (Araba) geltokian jarri dute berriro, ia mila metrora, -15,8rekin, aurreko egunean baino gradu bat gutxiagorekin.

Bihar, ostirala, muturreko tenperaturekin jarraituko du eta lurraldearen barnealdean izotza egingo du. Arabako zenbait tokitan, gainera, behe-lainoarekin bat egin lezake. Eguneko erdiko orduetan izotza mendi inguruetan egingo du. Zerua estalita egongo da, batez ere goizean, baina ez da prezipitazio handirik espero.

Hotza eta tenperatura baxuekin jarraituko dugu larunbatean ere, eta izotza egingo du, batez ere Gipuzkoan. Elurra egingo du maila baxuetan, 200 metrotik behera, batez ere, egunaren bigarren partean eta barnealdean, eta elurra Euskal Herriko hondartzetan ere ikusteko parada izango da. Prezipitazioak hegoaldetik helduko dira eta, goizean zehar prezipitazio gutxi botako du. Arratsaldetik aurrera, ordea, denean egingo du. Barnealdean, elurra egingo du, eta kostaldean, berriz, maluta batzuk ikusi ahal izango dira. Elurraren lodiera 0-15 cm izango da 1000 m-ra, 0-15 cm 600 m-ra, 0-2 cm 200 m-ra.

Nafarroan, alerta laranja elurragatik

Nafarroan alerta laranja dago, hotzagatik, elurragatik eta haizeagatik, eta asteburuan ere hotzetik jarraituko du. Iberiar penintsularen hegoaldetik aurrera egiten ari den haize hotzak Nafarroan eragina izango du larunbat honetan elurte handi batekin.

Ondorioz, Foru Gobernua protokoloak aktibatu ditu eta eta herritarrei "alferrikako mugimenduak" saihesteko eskatu die, baita erosketak aurreratzera ere.

Peio Oria Estatuko Meteorologia Agentziaren (Aemet) Nafarroako ordezkariaren arabera, penintsulako hego-ekialdetik sartzen ari den aire hotza iparralderantz mugitzen ari da, eta Nafarroan izango du eragina, batez ere Erriberan, larunbatetik aurrera. Dena dela, ez du 24 ordu baino gehiago iraungo.

Denbora horretan, "prezipitazio guztia elurra izango da", adierazi du adituak, eta Aemetek abisu laranja ezarri du Nafarroako Erriberan datorren larunbaterako, 8 eta 15 zentimetro arteko elurra pilatzeko aukera dagoelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Alerta meteorologikoak argazkiak EAE Eguraldia Bilbao Gizartea Elurra bideoak Eguneko albisteak Albisteak