Gizartea -

KORONABIRUSA

% 9,3raino igo da positibitate tasa Nafarroan, 154 kasu positiborekin

Covid-19a atzemateko 1.664 proba egin ziren atzo, bezperan baino 1.296 gutxiago.

Nafarroako Ospitaleko ZIU unitate bat. Argazkia: EFE
Nafarroako Ospitaleko ZIU unitate bat.
Nafarroako Ospitaleko ZIU unitate bat. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

154 koronabirus kasu berri zenbatu zituzten atzo Nafarroan, eta positibitate tasak nabarmen egin du gora, % 9,3raino, Foru Gobernuak jakitera emandako datuen arabera.

Halere, tasaren igoerak zerikusi zuzena du egindako proba kopuruarekin, astebururo bezala, test gutxiago egin baitziren atzo; orotara, 1.664 proba (1.456 PCR eta 208 antigeno test) egin zituen Osasunbideak, bezperan baino 1.296 gutxiago.

Ostiraleko positibitate tasa % 5,4koa izan zen, ostegunekoa % 6,8koa eta asteazkenekoa % 6,6koa.

Gainera pertsona bat hil zen atzo eta aurreko egunetan gertatutako heriotza bat ere jakinarazi zuten.

Zonaldeka, Iruñean eta bere eskualdean atzemn zituzten atzo kasu positiboen % 65 izan ziren, Tuteran % 19 eta Lizarran % 6. Gainerako positiboak ( % 10) Nafarroako beste eskualde batzuetan banatu ziren.

Erregistratutako kasu berrien adin-tarteei dagokienez, 45 eta 59 urte bitartekoak ( % 25) eta 15 eta 29 urte bitartekoak ( % 24) izan ziren kutsatu berri gehien zenbatu zituztenak. Jarraian, 15-29 urteko taldea dago, % 20rekin. Azkenik, 15 urtetik beherakoen taldea dago ( % 14), 60 eta 75 urte bitartekoen taldea ( % 10) eta 75 urtetik gorakoen taldea ( % 7).

Ospitaleko okupazioaren ikuspegitik, atzo beste bost ospitaleratze izan ziren, horietako bat ZIUn. Guztira, 125 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino bi gutxiago), eta horietako 15 ZIU postuetan daude (atzo baino bat gehiago).

Pandemia hasi zenetik, 43.765 pertsona kutsatu dira eta 978 hil dira.

Txertaketa-planari dagokionez, 5.251 pertsonak jaso dute txertoa atzora arte. Elurragatik egun zaila izan zen arren, 802 txerto jarri ziren. Igande honetan ere txertoak jarraituko dute, aurreikusitako egutegiaren arabera.

Eskolara itzulera

Ikasleak astelehen honetan, Eguberrien ostean, itzuliko direla eskolara ikusita, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak (ISPLN) gogorarazi du haurrek zein egoeratan ez duten eskolara joan behar.

Hala, ikasleek ez dute ikastetxera joan behar sintomak badituzte, hala nola sukarra, eztula, ondoeza, usaimena galtzea, dastamena, buruko edo eztarriko mina edo beherakoa; PCR bat edo covid-19aren beste proba bat egiteko zain badaude edo emaitzaren zain badaude; isolamenduan badaude koronabirusak eragindako infekzio bat dutelako; edo koarenten badaude covid-19a duen pertsona baten kontaktu estua izateagatik.

Eta 12 urtetik beherakoen kasuan, gainera, elkarrekin bizi diren pertsonetako batek covid sintomak baditu eta PCR probaren emaitzaren zain badago, ez du eskolara joan behar.

EAEko datuak

Koronabirusaren kutsatzeen kopuruak eta positibotatasun tasak beherakada nabarmena izan dute azken egunean Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duen eguneroko txostenaren arabera, atzo 10.051 proba diagostiko egin ziren PCR eta antigenoen testen artean, eta horietatik 509 pertsonak positibo eman zuten. Positibotasun tasa % 5,1ekoa izan zen beraz (bezperan 658 kasu detektatu ziren eta % 7,1eko positibotasuna izan zen).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea