Gizartea -

KORONABIRUSA

Pfizer etxearen txerto gehiago iritsi dira Forondara

Aste honetan Hego Euskal Herrian banatuko diren txertoez gain, Madrilen emango direnak ere iritsi dira. Barajasen lur hartu behar zuen hegazkinak Forondan lur hartu du Filomena ekaitzaren ondorioz.

Belgikatik Forondara iritsi dira Pfizer konpainiaren txertoak. Artxiboko argazkia: EFE
Belgikatik Forondara iritsi dira Pfizer konpainiaren txertoak
Belgikatik Forondara iritsi dira Pfizer konpainiaren txertoak. Artxiboko argazkia: EFE

O.A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goizeko lehen orduan, 05:12an, iritsi dira Forondako aireportura Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan banatzeko Pfizer botika etxeko txertoaren dosiak. Astero legez, Belgikako lantegitik Forondako aireportura heldu dira, ondoren, EAE, Nafarroa, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Aragoi autonomia erkidegoetan banatzeko.

Asteon, ordea, aurreko asteetan baino txerto gehiago jaso ditu Forondak; izan ere, Madrilgo Erkidegoan banatu beharrekoak ere bertara bideratu dituzte, Filomena ekaitzaren ondorioz Barajasko aireportuan oraindik ez dutelako normaltasuna berreskuratu.

Gasteiztik errepidez eramango dituzte txertoak Madrilera.

Atzo, Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministroak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak Filomena ekaitzak eragindako ondorioen berri emateko eskaini zuten prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, "txertoaren hornidura bermaturik dago".

Guztira, Espainiako Estatuak Pfizer konpainiaren txertoaren 350.000 dosi jaso ditu astelehen honetan.

Eusko Jaurlaritzak atzo azpimarratu zuenez, EAEk txertoen erreserba estrategiko bat gordetzea erabaki zuen, eta, horri esker, "aste honetarako txertoak bermatuta daude".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Gaixotasunak argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zientzia berriak Osasun albisteak gaur Medikuak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako ospitalea Erizaintza albisteak Sendagaiak albisteak Txertoak albisteak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea COVID fokuak Galdakao-Usansolo Ospitalea Osasun zentroak gaur Osasunbidea gaur