Gizartea -

Koronabirusa

115 pertsona kutsatu dira Muskizko Marcelo Gangoiti zahar-egoitzan

Bestalde, Getxoko Beato Domingo Iturraten 22 pertsona daude gaixorik, covid-19ak jota.

Muskizko Marcelo Gangoiti zahar-egoitza. ETBren bideo batetik hartutako irudia
Muskizko Marcelo Gangoiti zahar-egoitza
Muskizko Marcelo Gangoiti zahar-egoitza. ETBren bideo batetik hartutako irudia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, azken orduetan covid-19arekin lotutako bi agerraldi izan dira lurralde historiko horretako adinekoen egoitzetan. Alde batetik, Muskizko Marcelo Gangoiti zentroan 115 pertsona kutsatu dira. Bestetik, Getxoko Beato Domingo Iturraten 22 pertsona daude gaixorik, covid-19ak jota.

Baheketa egin ostean, Muskizko aipatu egoitzan 115 positibo atzeman dituzte PCR probetan (93 egoiliar eta 22 langile). Gaitza duten pertsonetatik bost covid-19an espezializatutako arreta unitateetara eraman dituzte.

Bigarren agerraldia, berriz, Getxoko Beato Domingo Iturrate zahar-egoitzan atzeman dute. Han ere, baheketa egin eta 22 pertsonak eman dute positibo covid-19an (17 egoiliar eta 5 behargin). Horietako bat ospitalera eraman dute, beste bost gaixotasun horretan espezializatutako arreta unitateetara eta gainerakoak egoitzan bertan daude.

Hiru hildako, Bizkaian

Urtarrilaren 10eko datuek erakusten dute 131 egoiliar daudela kutsatuta Bizkaiko adinekoen zentroetan, eta beste 26 ospitalera eraman behar izan dituztela. Orain arte covid-19a gainditu duten pertsonak 2.652 dira. Langileei dagokienez, 141 positibo daude eta 98 dira bakartuta dauden beharginak.

Bestalde, hiru lagun hil dira Bizkaiko egoitzetan azken egunean. Guztira, 141 pertsona zendu dira covid-19aren lehen olatua hasi zenetik.

Gipuzkoako zahar-egoitzetan ez dute positibo berririk atzeman

Gipuzkoako zaharren egoitzetan ez dute azken orduetan positibo berririk atzeman, eta ez da inor hil. Gainera, Debagoiena zentroko (Aretxabaleta) egoiliar batek gaixotasuna gainditu du.

Aldundiaren arabera, 15 pertsona ari dira arreta jasotzen gaixo daudelako Eibarko ospitalean eta Ordiziako San Jose zentroan. Gaur-gaurkoz, 62 kasu positibo daude lurralde historiko horretako adinekoen egoitzetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo Bizkaia Muskiz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Adinekoak gaurko berriak