Gizartea -
Larrialdi klimatikoa
Azken hamarkada inoizko beroena izan da
Gainera, CO2 emisioek nabarmen egin dute behera covid-19aren pandemiaren ondorioz, nahiz eta atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioek gora egiten jarraitu duten 2020. urtean.
eitb media
Azken hamarkada inoizko beroena izan da, Copernicus lurreko behaketarako Europako programak jakitera eman duenez. Halaber, 2020. urtea Europan inoiz izan den beroena izan da, eta 2016ko errekorra berdindu du.
Covid-19aren pandemiak karbono dioxidoaren emisioetan ere izan du eragina. Konfinamenduaren eta mugitzeko murrizketen ondorioz, emisioak % 7 murriztu dira urtebetean.
Txostenak CO2 emisioen inguruko informazioa ere jaso du. Horren arabera, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioek gora egiten jarraitu dute 2020. urtean.
Halaber, urteko tenperaturaren igoerarik handiena Ozeano Artikoan eta Siberia iparraldean izan da, batez bestekoa baino 6 °C gehiago.
Suteak eta CO2 emisioak
Halere, gizakia ez da karbono dioxido kopuru handiak isurtzen dituen eragile bakarra; gure atmosferarentzat kaltegarrienak basoetako suteak izaten dira maiz.
Copernicusen txostenak zehaztu duenez, Zirkulu Polar Artikoan izandako suteek 244 milioi tona CO2 eragin dituzte. Emisio horiek 2019ko errekorra baino heren bat gehiago dira.