Gizartea -
Gastronomia
La Viña jatetxeko gazta tarta da "urteko zaporea", 'The New York Times'en arabera
"Euskaditik kanpo ezagun egin zenetik, AEBko sukaldari ezagunenek kopiatu dute errezeta. Tarta horren zaporea edozein urtebetetzerako da aproposa", idatzi du Kim Severson kazetariak.
L.Z. | EiTB MEDIA
Euskadik, eta bereziki Donostiak, zorioneko hasi dute urtea gastronomiari dagokionez. The New York Timesek 2021erako elikadura joerak aurreikusi ditu, eta La Viñako (Donostia) gazta tarta sartu du bere apustuen artean.
AEBko egunkari honen arabera, jatetxeen susperraldia arian-arian iritsiko da 2021ean, koronabirusaren pandemia gorabehera.
Ostalaritza establezimendu guztietan susperraldi prozesua berdina izango ez bada ere, The New Timesek aurreratu du Gipuzkoako hiriburuko La Viña jatetxearentzat urte interesgarria izango dela, merkatu ikertzaileek eta gastronomian aditu direnek egindako ikerketetan oinarrituta.
Izan ere, "urteko zaporea" izango omen da La Viñako gazta tarta, aipatu kazetaren esanetan. Azalik gabeko pastel hori tenperatura oso altuan labekatzen dute, goialdea asko egin dadin, baina barrualdea samur geratu dadin.
90eko hamarkadan egin zen ezaguna Donostiatik kanpo, eta harrezkero sukaldari estatubatuar ezagunenak saiatu dira errezeta horren bertsioak egiten, dela New Yorken, dela San Frantziskon.
"Euskaditik kanpo ezagun egin zenetik, AEBko sukaldari ezagunenek kopiatu dute errezeta. Tarta horren zaporea edozein urtebetetzerako da aproposa", idatzi du Kim Severson kazetariak.
Hemen kontsulta dezakezue Donostiako La Viña jatetxeko gazta tartaren errezeta.