Gizartea -
Indarkeria matxista
19 urteko gizonezko bat atxilotu dute Donostian emakume bat bortxatzeagatik
Erasoa astelehen goizaldean jazo zen, hiriburuko hotel batean. Biktima ospitalean artatu behar izan zuten.
E. G | EITB MEDIA
Ertzaintzaren agenteek 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Donostian bikotekidea bortxatzea egotzita. Genero indarkeriaren baitako askatasun sexualaren kontrako delitua leporatu diote.
Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, sexu erasoa astelehen goizaldean jazo zen Donostiako hotel batean. Ertzaintzak emakume baten deia jaso zuen bortxatua izan berri zela esanez.
Herritarren Babeserako agenteak hotelera joan ziren eta bertako harrera-lekuan topatu zuten biktima. Emakumeak markak zituen lepoan, gizonak erabilitako indarkeriaren ondorioz. Anbulantziaz ospitalera eraman zuten, artatzeko.
Biktimarekin izan ostean, hoteleko logelara jo zuten agenteek eta bertan ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuten. Izapide polizialak bukatuta, Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utzi zuten gizona.