Gizartea -

U30 ALDAKETALDIA

Klima aldaketari aurre egiteko "eredu aldaketa" eskatuko dute herri eta hirietan

Larreko Mahaia hainbat mugimendu eta sindikatu biltzen dituen plataformak deituta, U30 Aldaketaldia ekimena deitu dute gaurko Gipuzkoan eta Bizkaian: ingurumena erdigunean jartzea aldarrikatuko dute.

U30 Aldaketaldia iragartzeko, Larreko Mahaiak egindako agerraldia. Argazkia: Larreko Mahaia
Larreko Mahaiak egindako agerraldia
U30 Aldaketaldia iragartzeko, Larreko Mahaiak egindako agerraldia. Argazkia: Larreko Mahaia

Idoia Alberdi Etxaniz | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Denbora agortzen" ari da, eta "larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriak berehala" hartu ezean, atzera-bueltarik izango ez duen egoera baten aurrean egongo da mundua. Arazoa globala bada ere, "norberaren etxean, auzoan eta herrian hasten da". Horregatik, "ingurumen politikak errotik aldatzea" nahitaezko baldintza da, klima-aldaketa geratu nahi bada.  .  

Mezu hori zabalduko dute gaur Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hirietan, U30 Aldaketaldia goiburupean, Larreko Mahaia plataformak —Greenpeace, Fridays For Future, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, ELA, LAB, Steilas, EHNE, Ernai eta Ikasle Sindikatua— deitutako mobilizazioetan. Lorea Flores Greenpeace mugimendu ekologistaren Euskal Herriko koordinatzailea ari da antolaketa lanetan, eta herritar guztiak parte hartzera deitu ditu.

Sistemaren goitik beherako eraldaketa da U30 Aldaketaldia ekimenak eskatzen duena. "Bizitza eta ingurumena erdigunean" jarri, eta enpresa pribatuen etekin ekonomikoak bigarren mailara igarotzea ekarriko duen eredu aldaketa, Floresen hitzetan. "Gauzak beste modu batera egiten hasi behar dugu, ezin dugu hazkunde mugagabe batean jarraitu, horrek planetan eta pertsonengan duen eragina kontuan hartu gabe", gaineratu du.

Zaldibarko zabortegia behera etorri zela urtebete betetzear dela egin dute gaurko deialdia, eta "ez da kasualitatea". "Gertatutakoa gertatuta ere", hondakinen "kudeaketa eredu baldarra" aldatzeko "ahaleginik ez" dute egin EAEko erakundeek, eta hori ere salatu nahi dute, Zaldibar Argitu plataformak datorren larunbaterako antolatu dituen ekintzei babesa adieraztearekin batera. 

Larrialdi klimatikoarekin lotuta "promesa eta hitz polit asko bai", baina "benetako ekimenik" ez dago.

Klimaren Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearen (IPCC, ingelesezko sigletan) ikerketa ekarri du gogora Floresek: "Talde horrek 2018an esan zuen 10 urte baino ez zitzaizkigula geratzen egoerari aurre egiteko. 2021ean gaude eta aldaketa gutxi nabaritu dira. Denbora gutxi geratzen zaigu egoerari buelta emateko. Gainera, erakundeetatik bultzatzen ari diren politika berdeak nahikoak ez direla argi ikusi da. Beraz, etorkizun beltza dugu".

Benetako konpromisoa eskatu die Floresek agintariei. Bere hitzetan, ingurumenarekin eta larrialdi klimatikoarekin lotuta "promesa eta hitz polit asko bai", baina "benetako ekimenik" ez dago. Horren adibide, Iñigo Urkullu lehendakariak 2019ko uztailean egindako iragarpena ekarri du gogora; klima-aldaketari aurre egiteko larrialdi-egoera ezarri zuen lehendakariak EAEn, eta "premiazko eta asmo handiko ekimenak" iragarri zituen. Greenpeaceko eragilearen ustez, "Jaurlaritzak ez du inolako norabide aldaketa nabarmenik bultzatu eta larrialdi-egoera onartu izan ez balu bezala jarraitzen du, iraganeko eredu zaharkituekin". Herritarren artean ere, "kontzientzia lan sakona" egiteko beharra ikusten du Floresek, baina horretarako "politika aldaketak behar dira".

Askotariko ekintzak daude antolatuta gaurko eta datorren aste osorako; elkarretaratzeak, manifestazioak edota auzolanak. Bilbon eta Donostian gaur arratsaldean egingo diren martxak izango dira ekitaldi nagusiak: Donostiakoa 17:00etan abiatuko da, Gladys Eneatik, eta Bilbokoa, 17:30ean, Kale Nagusitik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketaren albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Europako herrialdei buruzko albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar albisteak Ekologia azken ordukoa Larrialdi klimatikoa 2024