Gizartea -
Koronabirusa
Positiboen kopuruak jaitsiera txiki bat izan du Nafarroan, 182 kasu berrirekin
Positibotasun tasak, aldiz, gora egin du, bezperakko datuekin alderatuta: ia puntu bat egin zuen gora, % 6,4ean kokatuta.
EITB Media
182 covid-19 kasu berri atzeman ziren atzo, larunbata, Nafarroan, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Positibotasun tasa, aldiz, %5,6tik %6,4era igo da azken 24 orduotan, Foru Gobernuak zabaldutako behin-behineko datuen arabera.
Orotara, 2.829 proba diagnostiko (2.235 PCR proba eta 594 antigeno test ) egin ziren.
Zonaldeka, Iruñean eta bere eskualdean atzeman ziren positibo berrien % 52, Tutera aldean % 11 eta Lizarraldean % 7. Gainerako positiboak ( % 30) Nafarroa osoan diagnostikatu ziren.
Kasu berrien adin-tarteen arabera, talde nagusia 45 eta 59 urte artekoa da ( % 25), ondoren 15 eta 29 urte bitartekoa ( % 22) eta, azkenik, 30 eta 44 urte bitartekoa ( % 20). Jarraian, 15 urtetik beherakoen taldea dago, % 18rekin. Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea ( % 10) eta 60 eta 75 urte bitartekoen taldea ( % 5).
Bestalde, 12 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, covid-19arekin, horietako bat ZIUn. Une honetan 196 pertsona daude ospitaleratuta arrazoi horrengatik, 33 ZIUetan.
Halaber, atzo heriotza bat izan zen. Hala, 1.033 dira pandemia hasieratik hildakoak Nafarroan.
Txertaketari dagokionez, 868 dosi jarri zituzten larunbat honetan. Nafarroan jaso diren 26.975 txertoetatik 25.357 jarri dituzte, beraz, jada. Horietatik 5.076 lagunek hartu dute bigarren dosia, atzo 763k.