Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik 952 kasu berri atzeman ditu eta 160 pertsona daude zainketa intentsiboetan

Hilabete batean, 77 gaixo oso larri izatetik 160 izatera igaro da Euskadi, eta intzidentzia metatuaren tasak gora egiten jarraitzen du: 667,31.

Argazkia: EFE.
Emakume batek beste bati maskara jartzen laguntzen dio
Otsailean ospitaleetan presioa handia izango dela aurreikusten du Osasun Sailak

1:32

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak 952 positibo berri utzi ditu azken orduetan Euskadin, aurreko egunean baino 97 gehiago, eta positibotasun tasa ere hamarren bat baino gehiago igo da, % 8,2raino, proba gutxiago eginda.

Urtarrilean % 107,8 igo da ospitaleetan ospitaleratutako pertsonen kopurua; izan ere, urtarrilaren 1ean 77 gaixo zeuden unitate horietan, eta atzo, hilak 31, 160.

Igande honetan 11.632 proba diagnostiko egin dituzte (7.822 PCR eta 3.810 antigeno test), eta aurreko jardunaldian 12.052 egin zituzten; horietatik 952k positibo eman dute. Horrela, positibotasun tasa % 7,1etik % 8,2ra igo da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren egoera epidemiologikoari buruzko azken buletinaren arabera.

Positibo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen R0 indizea 1,03an dago, eta Euskadik 100.000 biztanleko 14 egunetan intzidentzia-tasa metatu altuarekin jarraitzen du, 667,31ra iristen baita, probintzia guztiak ere eremu gorrian daudela. Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 1,06 da.

Kasu positibo guztietatik, proben % 40,2 covida duten pertsonen kontaktuak izateagatik egin ziren, eta % 34,3 sintomak izateagatik.

Lurraldez lurralde aztertuta, intzidentzia-tasarik handiena Bizkaikoa da (715,55), ondoren Arabakoa (653,22) eta, azkenik, Gipuzkoakoa (574,91) intzidentzia-tasarik txikiena izan arren eremu gorrian dago.

Positibo gehien Bizkaian atzeman dituzte, 474 kutsatze berri izan baitira, larunbatean baino 18 gehiago; Gipuzkoan, berriz, 317 kasu berri erregistratu dira, aurreko egunean baino 53 gehiago, eta Araban 149 berri, aurreko egunean baino 30 gehiago.

EAEko hiru hiriburuek eremu gorrian jarraitzen dute, 500 kasu baino gehiago izan baitira 100.000 biztanleko 14 egunetan. Bilbok 140 kasu berri batu ditu (aurreko egunean baino 78 gutxiago) eta 804,96ko intzidentzia-tasa du; Donostiak, berriz, 67tik 88ra igo ditu positibo berriak, eta intzidentzia-tasa 581,72ra igo da. Gasteizen 114 kutsatze berri izan dituzte (28 gehiago), eta 100.000 biztanleko 678,79 kasu izan dira 14 egunetan.

Adinaren arabera, kutsatze berri gehienak 40 eta 64 urte bitartekoek (361 positibo berri), 18 urtetik beherakoek (248 kutsatze berri) eta 19-39 urte bitartekoek (223 kasu) eragiten dituzte. 65 urtetik gorakoek 119 kasu zenbatu dituzte; horietatik 37, 80 urtetik gorakoei dagozkie, eta 82, 65-79 urte artekoei.

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa altuena 18 urtetik beherakoen (780,42) eta 19 eta 39 urte bitartekoen artean dago (716,94). Txikiena 65 eta 79 urte bitarteko biztanleena da: 478,11.

Gainera, EAEko ospitaleetan 53 ospitaleratze berri izan dira azken egunean, larunbatean 74, eta 632 pertsona daude ospitaleratuta gela arruntetan, aurreko egunean baino 27 gehiago. Zainketa intentsiboetako unitateetan ere gaixo gehiago daude: 160 pertsona, aurreko egunean baino hiru gehiago.

Euskadin 792 pertsona daude ospitalean covid-19aren ondorioz, eta urtarrilaren 1ean, berriz, 323 ziren.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, adineko pertsona bat hil da azken orduetan Ajuria egoitzan. Halaber, baheketek lau positibo berri eman dituzte Sallurtegi (Agurain) foru egoitzako erabiltzaileen artean. Horiek guztiek sintoma arinak dituzte edo sintomarik gabekoak dira.

Eibar, Errenteria, Sopela, Urretxu eta Zalla gune gorrian sartu dira astelehen honetan. Amurrio, Bergara, Deba, Lazkao eta Oñati dira eremu horian duaden bakarrak eta EAE osoan ez dago udalerri bakar bat ere eremu berdean.

Ikastetxeetako egoerak ere okerrera egin du; izan ere, astelehen honetan 210 ikasgela itxi dituzte, joan den ostiralean baino 22 gehiago, hau da, 17.554 ikasgelen % 1,20, bi urtetik hasi eta unibertsitatez kanpoko hezkuntzaraino.

Koronabirusaren kasuren batek eragindako ikastetxeen kopurua ere igo egin da, 133tik 140ra, nahiz eta dagoeneko Euskadin ez dagoen ikastetxerik jarduera presentzial guztia etenda duena.

Bi hildako Arabako eta Gipuzkoako egoitzetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken orduetan adineko bat hil da koronabirusarekin Tolosako Iurreamendi erresidentzian.

Joan den abuztutik, 153 adineko zendu dira Gipuzkoako zahar-etxeetan. Une honetan 56 erabiltzaile dauden covid-19arekin kustatuta: 15 Aretxabaletako Debagoiena zentroan; 15 Donostiako Bermingham egoitzan; eta 12 Gurutze Gorriak Irunen duen zentroan.

Horrez gain, beste adineko bat hil da azken orduetan Gasteizko Ajuria erresidentzian. Pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 38 heriotza izan dira Arabako egoitzetan.

Hildako pertsonak Pfizerren txertoaren bi dosiak jarrita zituen, baina Foru Aldundiak zehaztu du immunitatea lortzeko epea bete aurretik agertu zitzaizkiola sintomak. Halaber, gizon horrek beste gaixotasun larri batzuk ere bazituela adierazi dute.

Bestalde, beste lau kasu positibo detektatu dituzte Aguraingo Sallurtegi egoitzan. Horietako batzuek sintoma arinak dituzte, eta besteak asintomatikoak dira. Egun, 30 pertsona daude koronabirusarekin Arabako erresidentziatan.

Foru Erkidegoaren egoera

Nafarroan behera egin du atzemandako positiboen kopuruak, baina 150etik gora jarraitzen dute oraindik, Foru Erkidegoak emandako datuen arabera. Positibotasun tasa ere jaitsi egin da: % 6,4tik % 5,4ra.

Foru Erkidegoan, guztira, 1.035 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik, eta birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 48.291 kasukoa da.

Bestalde, Espainian 79.868 positibo antzeman dituzten ostiraletik. Kutsa kopuruak behera egin du joan den asteburuan detektatutako kasuekin alderatuta (93.822), baina ospitaleetan presioak goraka segitzen du: zainketa berezietarako unitateetan oheen % 45,30 beteta daude.

Osasun Ministerioaren arabera, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 865,67 kasukoa da 100.000 biztanleko. Beraz, 20 puntuko jaitsiera izan da.   

Asteburuan beste 762 pertsona hil dira koronabirusarekin. Guztira, 59.081 heriotza izan dira Espainian, 1.534 azken astean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak