Gizartea -

Larrialdi klimatikoa

NBEk ozeanoak salbatzeko hamarkada abiatu du

Herrialdeek beren aurrekontuen % 2 baino gutxiago bideratzen dute zientzia ozeanikoetara, egoera geroz eta larriagoa bada ere.

Dortoka bat itsasoan. Argazkia: Nazio Batuen Erakundea.
Larrialdia ozeanoetan
Dortoka bat itsasoan. Argazkia: Nazio Batuen Erakundea.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ofizialki hasi du “Garapen Iraunkorrerako Zientzia Ozeanikoen Hamarkada”, ozeanoak salbatzeko asmoz, gizakiaren eraginez egoera larrian baitaude.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak zientziaren eta ikerketaren garrantzia azpimarratu du, eta 2050ean itsasoan arrainak baino plastiko gehiago egon litekeela eta koralezko arrezifeak mende amaierarako desagertu litezkeela ohartarazi du.

Audrey Azoulay UNESCOrko zuzendari exekutiboak ere bertan parte hartu du, eta NBEko estatu kideei eskatu die zientzia ozeanikoetan inbertitu eta ikertu dezaten, ozeanoak ezinbestekoak baitira planetaren orekari eusteko.

Ozeanoek duten biodibertsitateaz gainera, baliabide ekonomiko garrantzitsuak ere badira, mundu osoan 3.000 milioi pertsona baino gehiago bizi baitira ozeanoek eskaintzen dituzten jarduera sozioekonomikoei esker.

Herrien konpromisoa

Azoulayk ozeanoen kudeaketa iraunkorraren alde ere egin du. Azaldu duenez, munduko kostalde gutzien % 40 osatzen dituzten 14 herrialdek ozeanoen kudeaketa iraunkorra egiteko konpromisoa hartu dute.

Halere, estatuek, batez beste, euren aurrekontuaren % 2 baino gutxiago erabiltzen dute ozeanoak ikertzeko. Azoulayk ohartarazi duenez, hori ez da nahikoa, berotzea, azidotzea, desoxigenatzea eta biodibertsitatearen kaltetzea itzulerarik gabeko puntu batera iristen ari baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Zer gertatzen ari da munduan? NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa