Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetzak AstraZenecaren 9.100 dosi banatuko ditu kolektibo berrien artean

Lehenengo eta bigarren hezkuntzako irakasleak eta poliziak izango dira txertoa jasotzen lehenak.

AstraZenecaren txertoa. Argazkia: Efe
AstraZenecaren txertoa. Argazkia: Efe
AstraZenecaren txertoa nori eta noiz eman erabaki behar du Osakidetzak

1:9

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu du Jaurlaritzak jaso dituen AstraZenecaren lehenengo 9.100 dosiak "paraleloki" banatuko dituztela Pfizerren eta Modernaren txertoekin batera, baina beste hurrenkera batean, Espainiako Estatuko Osasun Publikoaren Erkidego Arteko Batzordeak ezarritako irizpidearen arabera.

Sagarduik agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta gustura agertu da AstraZenecaren txertoarekin covid-19aren aurkako borroka indartu ahal izango dutelako, nahiz eta aitortu ez dagoela "lasaitzeko arrazoirik" EAEn 100.000 biztanleko 541 kasuko intzidentzia dagoen bitartean.

Sagarduik azaldu duenez, erkidego arteko batzordeak lehentasun hurrenkera bat ezarri du AstraZenecaren txertoentzat, Pfizerrenaren eta Modernaren paraleloa.

Sailburuak gogorarazi du txerto hori zentro soziosanitarioetako profesionalei eta udaletako etxeko arreta zerbitzuetako langileei emango dietela.

Era berean, mediku, fisioterapia, errehabilitazio eta podologia kontsulta partikularretako profesionalei ere emango diete txerto hori, eta baita adinekoen etxebizitza komunitarioetako langileei ere, adinekoen erlijio kongregazioak barne (15 pertsonatik beherakoak).

Ebazpen judiziala duten adingabeentzako zentroetako eta helduen espetxeetako langileek, eta oinarrizko profesionalen (osasun, segurtasun, ongizate sozialerako eta erakundeen funtzionamendu eraginkorrerako langileak) kolektiboek ere jasoko dute AstraZenecaren sendagaia.

"Oinarrizko" profesionalen artean, "kutsatzeko arrisku handienetik txikienera" emango dute txertoa. Hori horrela, poliziak eta lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak izango dira sendagaia jasotzen lehenak.

Txertaketa datorren astean hasiko da komisaldegietan, eta Segurtasun Saileko osasun langile kualifikatuek emango dute.

Ondoren, farmazialariak eta farmaziako laguntzaileak, supermerkatuetako kutxazainak, garraio publikoko garraiolariak, ofizioko abokatuak, ehorztetxeetako langileak eta beste batzuk txertatuko dituzte. Osakidetzak, enpresako osasun langileek edo mutuak emango dute txertoa kasu horietan.

Gutxienez 15 minutuz musukorik gabe gaixoak artatzen dituzten osasun langileei (estomatologoak, odontologoak, dentistak, medikuntza estetikakoak, logopedak eta foniatrak) AstraZenecaren txertoa eman behar zieten hasiera batean, baina azkenean Pfizerrena edo Modernarena jasoko dute.

"Aurreikusitakoaren arabera"

Sagarduik azaldu du bigarren dosiaren banaketa amaitzen ari direla adinekoen egoitzetan, eta Osakidetzako "lehen lerroko" langileen txertaketa amaitzear dagoela. Ondoren hasiko dira klinika pribatuetako "lehen lerroko" langileak txertatzen, Osakidetzako gainerako langileak, eta herritar guztiak.

Sailburuak txertaketa kanpainaren datuak eguneratu ditu, eta jakinarazi du dagoeneko 82.624 eman dituztela; horietatik 50.885, lehenengo dosikoak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Ertzaintza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Irakasleen albisteak Industria farmazeutikoa