Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon batek bikotekidea hil du Majadahondan, Madrilen
62 urteko gizona atxilotu egin dute. Dirudienez, bere burua tirokatu du, bala-zauriak baitzituen. Bikotearen 22 urteko alaba ospitalera eraman behar izan dute, antsietateak jota.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Gizon batek 52 urteko bikotekidea hil du tiroz Majadahondan, Madrilen. Emakumeak bala-zauri larriak zituen gorputzean, Madrilgo erkidegoko larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez.
Hilketaren egileak (62 urteko gizona) ere bala-zauriak zituen. Dirudienez, bere burua tirokatu du. Bestalde, bikotearen 22 urteko alaba ospitalera eraman behar izan dute, antsietateak jota.
Larrialdi zerbitzuetako langileak biktimaren etxera bertaratu dira erasoa gertatu eta gutxira. 01:00a aldera jaso dute eraso horren berri, dei baten bidez.
Majadahondako udaltzainak izan dira lehenak Oeste kaleko 3. zenbakira iristen.
Han, konortea galduta aurkitu dute emakumea, bihotz-biriken geldialdia zeukan, eta 45 minutuz artatzen egon badira ere, ez dute lortu emakumea bizirik ateratzea.
Leku berean, 62 urteko gizona artatu dute, larri baitzegoen. Hark ere arma-zauriak zituen. Azkenean, Puerta del Hierroko ospitalera eraman dute, eta atxilotuta dago bertan.
Gainera, esan bezala, bikotearen 22 urteko alabak antsietate krisia izan du, eta psikologoarekin hitz egin ostean, Puerta del Hierroko ospitalera eraman dute.
Guardia Zibila gertatutakoa ikertzen ari da.