Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik 453 positibo berri eta % 4,7ko positibotasun tasa atzeman ditu

Beheranzko joera sendotu egin da. Intzidentzia metatua 450 kasutan kokatzen da eta ugalketa-indizea 0,8an mantentzen da. Gainera, ospitaleko presioa zertxobait txikiagoa da.

Basurtuko ospitalea. Argazkia: EFE.
Basurtuko ospitalea
Basurtuko ospitalea. Argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak 453 kasu positibo berri utzi ditu astelehenean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bezperan baino 35 gehiago, baina positibotasun tasa % 4,7ra jaitsi da. Gainera, 168 gaixo zainketa intentsiboen unitatean daude, aurreko egunean baino bi gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astearte honetan emandako datuen arabera.

100.000 biztanleko 14 egunetan kasuen tasa metatua 450,20koa da, eta ugalketa-indizea 0,80koa; horrek esan nahi du, "tontorreraino iritsi ostean, intzidentzia-kurbaren jaitsiera-fasea finkatu dela", Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Sagarduik gogorarazi du otsailean pilatutako intzidentzia handiena 668,45 kasu izan zirela, azaroan baino txikiagoa (844,97). Testuinguru horretan, "hartutako neurriak egokiak izan direla ondoriozta liteke".

Hala ere, "erne" egoteko beharra azpimarratu du; izan ere, helburua 100.000 biztanleko 14 egunetan pilatutako tasa 60 ingurukoa izatea da, eta "oraindik urrun gaude". "Ez da erlaxatzeko unea", azpimarratu du.

Euskadi larunbatean atera zen gune gorri horretatik, bertan sartu eta 23 egunera, eta, ordutik, 100.000 biztanleko 14 egunetan intzidentzia-tasa metatuak behera egin du pixkanaka, 450,2 kasutan kokatu arte (atzo baino 20 puntu gutxiago).

Zehazkiago, 9.565 test diagnostiko egin dituzte astelehenean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (6.221 PCR eta 3.344 test antigeno), aurreko egunean baino 2.015 gehiago, eta horien guztien artetik 453 kutsatze berri atzeman dituzte: 45 Araban, 293 Bizkaian, 106 Gipuzkoan.  Gainera, ohiko bizilekua Euskaditik kanpo zuten bederatzi pertsonak eman dute positibo.

Adin tarteka, 0-18 urteko taldean 131 kasu izan dira azken egunean eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa 679,18 kasukoa da; 19-39 urteko taldean 94 positibo izan dira (468,58), 40-64 urtekoenean 179 (437,50), 65-79 urtekoenean 30 (270,95) eta 80 urtetik gorakoen artean 17 (306,61).

Halaber, koronabirusaren intzidentzia tasa metatua 450,20 kasukoa da erkidego osoan (Araban 418,52, Bizkaian 483,71 eta Gipuzkoan 393,08), eta gaitzaren birsorkuntza tasa 0,80 (Araban 0,80, Bizkaian 0,85 eta Gipuzkoan 0,71).

Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia tasa 447,83 kasukoa da Gasteizen, 534,52koa Bilbon eta 360,76koa Donostian. 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Bizkaiko Basauri, Berango, Bermeo, Derio, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Santurtzi eta Sopela eremu gorrian daude, 500dik gora kasurekin 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatuan. Gipuzkoan, egoera berean daude Astigarraga, Bergara, Elgoibar, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo eta Onati.

Azkenik, ospitaleen egoera hizpide hartuta, koronabirusaren ondorioz 60 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, eta guztira 438 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 36 gutxiago. Gainera, gaitza duten 167 pertsona zainketa intentsiboen unitatean daude, bezperan baino hiru gutxiago

Zure interesekoa izan daiteke baita ere: Bizkaia ere eremu gorritik atera da

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, % 7,8 igo dira heriotzak Euskadin 2020ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta % 12,5 azken hamar urteetako batez bestekoarekin alderatuta, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak astearte honetan jakitera eman dituen datuen arabera.

Zaharren egoitzetako egoera

Azken orduotan pertsona bat hil da Arabako egoitzetan, baina covidaren kasu positiboen kopurua ia erdira jaitsi da azken zazpi egunetan, 22 kasu erregistratu baitituzte, aurreko astean baino 19 gutxiago.

Dagoeneko 43 adineko hil dira pandemiaren bigarren bolada honetan, eta 13 pertsona osatu dira zazpi egun hauetan.

Zentro geriatriko pribatuek 19 positibo eman dituzte eta foru sareak hiru kasu ditu gaur egun.

Guztira 300 pertsonak gainditu dute gaixotasuna pandemiaren azken hilabeteetan, eta 38 profesional soziosanitario bajan daude gaur egun, koronabirusagatik.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi duenez, egoitzetako positiboen kopuruak behera egin du, gizarte osoko kutsatze tasak behera egin baitu.

Bestalde, Bizkaiko erresidentzietan ere adineko bat hil da azken 48 orduetan. Gaur-gaurkoz 28 dira lurralde honetan zaharren egoitzetan covid-19ak jota dauden pertsonak, azken zenbaketan baino 21 gutxiago.

Foru Aldundiak atzo emandako datuan arabera, adinekoen egoitzetan bederatzi egoiliar daude kutsatuta (duela bi egun baino sei gutxiago).

Ospitaletan, baina, beste zortzi adineko daude (azken zenbaketan baino bederatzi gutxiago).

Azkenik, Gipuzkoako zahar-egoitzetan ez da inor hil azken orduetan, eta ez dute covid-19 kasu berririk atzeman. Gainera, pertsona batek gaixotasunari aurre egitea lortu du. Hortaz, zazpi dira, guztira, otsailaren 16 honetan birusak jota dauden pertsonak.

Aipatzekoa da, halaber, Eibarren eta Ordizian birusarekin kutsatutako pertsonentzat prestatutako zentroetan sei lagun daudela.

Bigarren olatua hasi zenetik, abuztuaren 11tik, 154 pertsona hil dira zaharren egoitzetan covid-19aren ondorioz, eta 669k gainditu dute gaixotasuna.

Nafarroako egoera

Covid-19 kasuek gora egin dute Nafarroan, baina oraindik ere hirurogeiko muga gainditu gabe jarraitzen dute. 1.746 proba (777 PCR eta 969 antigenoen test) egin zituzten atzo, eta 57 positibo atzeman zituzten. Positiboen tasa, beraz, % 3,26an dago, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

10.657 kasu berri eta 530 hildako espainiar Estatuan

10.657 covid-19 kasu gehiagoren berri eman diote autonomia erkidegoek astearte honetan Osasun Ministerioari. Kasu horietatik 3.857 azken 24 orduetan atzeman dituzte; astelehenean, berriz, 1.876. Hartara, pandemia hasi zenetik 3.096.343 pertsona kutsatu ditu birusak.

Halere, azken 14 egunetako datuak kontuan izanda, intzidentzia tasak behera egin du, 100.000 biztanleko 385,65 kasutan kokatu arte. Astelehenean, ostera, 416,91n zegoen tasa, Carolina Dariasek zuzendutako ministerioak jakitera eman zuenez.

Hildakoei dagokienez, 530 heriotza berri zenbatu dituzte astearte honetan eta 1.290 aste honetan. Orotara, espainiar Estatuan 65.979 lagun zendu dira pandemia hasi zenetik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak